Davidek mendi-gailurra igaro zueneko, Tziba, Mefi-Boxeten morroia, atera zitzaion bidera. Berekin zekartzan bi asto txalmaturik eta berrehun ogiz, ehun mahaspasa-mordoz, garaiko ehun fruitu-multzoz eta ardo-zahagi batez zamaturik.
Erregeak esan zion Tzibari: —Zertarako dituzu hauek? Tzibak erantzun: —Astoak, erregearen etxekoak gainean jar daitezen; ogiak eta garaiko fruituak, zure morroiek jan dezaten; ardoa, berriz, basamortuan nekatzen direnek edan dezaten.
Erregeak galdetu zion: —Non da zure jaunaren biloba Mefi-Boxet? Tzibak erregeari: —Jerusalemen gelditu da. Orain israeldarrek bere aitonaren erreinua itzuliko diotela uste baitu.
Erregeak Tzibari: —Horra bada, gaurdanik zeureak dituzu Mefi-Boxeten ondasunak oro. Tzibak, ahuspezturik, esan zuen: —Eskerrik asko, ene errege jauna, mesede horrengatik!
Saulen etxean isuri zenuen odol guztiaren ordaina eman dizu Jaunak! Erregetza kendu zenion, orain Jaunak zure seme Absalomi eman dio erregetza. Gaiztakeria hutsa zara, hiltzaile hori!
Tzeruiaren seme Abixaik esan zion erregeari: —Horrela madarikatu behar ote du zakur galdu horrek ene errege jauna? Uztazu joaten, eta lepoa moztuko diot.
Orduan, Davidek esan zien Abixairi eta bere zerbitzari guztiei: —Nire erraietatik ateratako semea ni hil nahian badabil, ez da harritzekoa benjamindar hori horrela ari izatea. Utziozue madarika nazan, Jaunak aginduko baitzion hori.
David bere lagunekin bidez bide zihoalarik, Ximei ere hurbiletik zihoan mendi-maldan barna, madarikatuz, hurbiletik harriak jaurtiz eta hautsa harrotuz.
Ahitofelek Absalomi: —Etzan zaitez zuen aitak etxezain utzi zituen ohaideekin. Horrela, Israel osoak jakinen du zeure aitaren arerio egin zarela; horrela, bizkortu eginen dira zure alde daudenak.
Izan ere, Ahitofelen aholkuak Jainkoak berak emanak bailiran hartzen zituzten garai hartan. Horrela hartu ohi zuten Ahitofelen aholku oro, bai Davidek, bai Absalomek.