Horrela, zuregana etorraraziko dut jende guztia, gizon bakarraren biziaren bila baitzabiltza zu. Jendea zuregana etortzean, bakean izanen da herri osoa.
Eta gehitu zuen: —Badakizu, zuen aita eta berekin dituen gizonak oso ausartak direla, eta mendian bere umeak ostu dizkioten hartz ama bezain amorratuak daudela. Gainera, gudari iaioa duzu aita eta gaua ez du bere jendearekin batera emango.
Leizeren batean edota beste tokiren batean gordea izanen duzu orain. Eta borrokan hasirik, gureetako batzuen batzuk erori orduko, zure gudarostea hondatu dutela zabalduko da.
Orduan, azkarrena ere, lehoia bezain indartsu izan arren, lur joa geldituko da. Israel osoak daki zuen aita ausarta dela, eta bulartsuak direla berekin dituen guztiak.
Dagoen tokian dagoela, gainera eroriko gatzaizkio, ihintza lurraren gainera bezala. Ez da inor libratuko, ez bera, ezta berekin dituen gizonetarik bat ere.
Eta hiriren batean sar baledi, berriz, israeldar guztiek lokarriak ekarriko lituzkete eta errekaraino eramango genuke hiri hori arrastaka, harri koxkor bat ere utzi gabe.
Orduan, Absalomek eta israeldar guztiek esan zuten: —Huxai arkitarraren aholkua hobea da Ahitofelena baino. Izan ere, erabakia zuen Jaunak Ahitofelen aholkua, ona izan arren, bertan behera uztea, Absalom hondamenera eramateko.
Huxaik esan zien, gero, Tzadok eta Abiatar apaizei: —Hau eta hau aholkatu die Ahitofelek Absalomi eta Israelgo herri-arduradunei; nik, aldiz, beste hau aholkatu diet.
Jonatan eta Ahimaatz Rogel iturri ondoan zeuden, hirian sartzen inork ez ikusteko. Neskame bat etorri behar zitzaien dena jakinaraztera, eta beraiek David erregeari adieraztera joan behar zuten.
Absalomen mutilek, etxe hartara heldurik, galdetu zioten etxekoandreari: —Non dira Ahimaatz eta Jonatan? Etxekoandreak erantzun: —Alde egin dute hemendik uretara. Ibili ziren bila, baina aurkitzen ez eta Jerusalemera itzuli ziren.
Haiek alde egitean, biak putzutik atera eta David erregeari berri ematera joan ziren. Esan zioten: —Jaiki eta igaro bizkor ibaiaz beste aldera, Ahitofelek halako aholkua eman baitu zure aurka.
Jaiki zen, beraz, David eta harekin zen jende guztia eta Jordan ibaiaz beste aldera igaro ziren; eguna argitu zuenerako ez zen bat ere gelditzen ibaia igarotzeko.
Ahitofel, berriz, bere aholkuari jarraitu ez ziotela ikustean, bere astoa txalmaturik, abiatu eta bere hirira, bere etxera, joan zen; eta, etxeko gorabeherak zuzendu ondoren, urkatu egin zuen bere burua. Horrela hil zen, eta bere aitaren hilobian lur eman zioten.
Amasa zeritzan bat gudalburu ezarria zuen Absalomek, Joaben ordez. Amasa hau Itra izeneko israeldar baten semea zen. Itra Abigailekin ezkondua zegoen; Abigail Nahaxen alaba zen eta Joaben ama Tzeruiaren ahizpa.
David Mahanaimera heltzean, amondarren hiri Rabako Xobik, Nahaxen semeak, eta Lo-Debarko Makirrek, Amielen semeak, eta Rogelimgo Bartzilai galaadtarrak
eztia, gaztanbera, ardi- eta behi-gazta ere. Davidi eta beronekin zen jende guztiari eman zioten dena, jateko, konturatu baitziren jende hark gosea, nekea eta egarria jasan zuela basamortuan.