Inguru haietan gertatu zen benjamindar maltzur-gaizto bat. Xeba zeritzan, eta Bikriren semea zen. Borrokarako adarra jo zuen, esanez: «Guk ez dugu zerikusirik Davidekin, ez dugu ezer nahi Jeseren seme horrekin! Etxoletara denok, israeldarrok!»
Israeldar guztiek Davidengandik aldendu eta Bikriren seme Xebari jarraitu zioten. Judakoak, aldiz, beren erregeari atxiki zitzaizkion, Jordandik hasi eta Jerusalemeraino.
David erregeak, Jerusalemera bere etxera heldu zenean, hartu zituen etxezain utziak zituen hamar ohaide haiek eta etxe batean zaintzapean ipini zituen. Berak mantentzen zituen, baina ez zen gehiago etzan haiekin. Giltzapean eduki zituen bizitza guztian, bizi-alargun betiko.
Orduan, Davidek esan zion Abixairi: —Absalomek baino kalte handiagoa egin behar digu orain Xebak, Bikriren seme horrek. Har itzazu zeure jaunaren gudariak eta zoaz haren ondoren. Ez dadila heldu hiri gotorretara, ihes eginen digu bestela.
Gabaonen dagoen harri handiaren ingurura heltzean, han non datorkien Amasa. Joabek guda-jantzia zeraman soinean, gerrikoz loturik eta gerrikotik zintzilik ezpata bere zorroan. Amasarengana aurreratzean, ezpata erori zitzaion Joabi.
Amasa ez zen ohartu Joabek beste eskuan zuen ezpataz; honek sabeletik sartu zion, hesteak lurrean barreiatuz. Ez zuen bigarrenez jo beharrik izan; bertan hil zen. Gero, Joabek eta beronen anaia Abixaik Bikriren semearen ondoren jarraitu zuten.
Amasa, odoletan blai, bidearen erdian zetzan. Jende guztia gorpuaren ondoan gelditzen zela ikustean, gudari hark bidetik zelaira eraman eta oihalez estali zuen Amasa; bestela, haren ondora heltzen ziren guztiak gelditu egiten baitziren.
Heldu ziren Joaben gizonak eta setiatu zuten Abel-Bet-Maaka; hiriari erasotzeko, harresiaren gailurreraino lurra pilatuz, harresia hausten eta botatzen saiatu ziren denak.
Hurbildu zen Joab eta emakumeak esan zion: —Zu al zara Joab? Joabek erantzun: —Bai! Emakumeak esan zion: —Entzun zeure mirabe honek esan behar dizuna. Eta Joabek: —Adi nago.
Israelen hiri baketsu eta zintzorik bada, gure hauxe da bat. Akabatu egin behar al duzu hainbat israeldarren ama den hiri hau? Zer dela-eta nahi duzu hondatu Jaunaren ondarea?
Ez natorkizue horretara. Baina baduzue hor, bere eskua erregearen kontra jaso duen gizon bat, Efraimgo mendialdekoa. Xeba du izena, Bikriren semea. Emadazue hori, eta alde egingo dut hiritik. Emakumeak, orduan, Joabi: —Hara, harresi gainetik botako dizugu horren burua.
Joan zen emakumea jendearengana eta argi mintzatu zitzaion. Moztu zioten, beraz, lepoa Bikriren seme Xebari eta Joabi bota zioten. Orduan, Joabek adarra jo zuen, nork bere etxolara alde egin zezan. Joab Jerusalemera joan zen, erregeagana.