Erregeak esan zion Joab bere gudalburuari: —Zoaz Israelen barna leinuz leinu, Dandik Beer-Xebaraino, eta egin herritar guztien zenbaketa, zenbat diren jakin dezadan.
Joabek ihardetsi zion erregeari: —Orain dena baino ehun bider handiago egin dezala herria Jaunak, zure Jainkoak, eta ikus dezala bere begiz errege jaunak! Baina zertarako nahi du ene errege jaunak halakorik egin?
Hala ere, erregeak bere agindua betearazi zien Joabi eta gudalburuei. Beraz, Joab, gudalburu guztiekin, erregearen aurretik atera eta israeldarren zenbaketa egitera joan zen.
Herritarrak zenbat ziren adierazi zion Joabek erregeari: Israelen zortziehun mila ziren ezpata erabil zezaketen gerra-gizonak, eta Judan bostehun mila.
Herritarren zenbaketa egin ondoren, bihotzeko harra sentitu zuen Davidek eta esan zion Jaunari: —Bekatu astuna egin dut, bai. Hala ere, Jauna, barkatu zeure zerbitzari honen bekatua, erokeria egin baitut.
Joan zen, beraz, Gad Davidengana eta horren berri eman zion, esanez: —Zer nahi duzu: zazpi urteko gosealdia zeure lurraldean, hiru hilabeteko ihesaldia etsaia ondoren duzularik, ala hiru eguneko izurritea zeure lurraldean? Hausnar ezazu, beraz, ea zer erantzun behar diodan bidali nauenari.
Jaunak, orduan, izurritea bidali zuen Israelera, goiz hartatik hasi eta esaniko epea bete arte. Herriko hirurogeita hamar mila gizon hil ziren Dandik Beer-Xebaraino.
Eta aingerua Jerusalem hondatzeko eskua luzatzen ari zelarik, atzera egin zuen Jaunak kalte hura bidaltzetik eta esan zion herria xehatzen ari zen aingeruari: —Atzera esku hori! Aski da! Une hartan Jaunaren aingerua Arauna jebustarraren larrain ondoan zegoen.
Herria xehatzen ari zen aingerua ikustean, honela mintzatu zitzaion Jaunari David: —Neuk egin dut bekatu! Artzain hau da errudun! Bildots hauek, ordea, zer egin dute? Zigor gaitzazu, arren, ni eta nire senitartekoak.
esan zuen: —Zer dela-eta dator ene errege jauna bere zerbitzari honengana? Davidek erantzun: —Larraina erosi nahi dizut, Jaunari aldarea eraikitzeko, horrela izurritea herriarengandik urrun dezan.
Araunak Davidi: —Har beza ene errege jaunak nahi duen guztia erre-oparia eskaintzeko. Horra, hor dituzu idiak erre-oparitarako, eultzia eta idien uztarria egurretarako.
Erregeak, aldiz, erantzun zion Araunari: —Ez, balio duena ordainduz erosi nahi dizut. Jaunari, ene Jainkoari, ez diot eskainiko kostatu ez zaidan erre-oparirik. Horrela bada, zilarrezko berrogeita hamar txanponetan erosi zizkion Davidek larraina eta idiak.
Hantxe bertan eraiki zion aldarea Davidek Jaunari, eta erre-opariak eta elkartasun-opariak eskaini zituen. Errukitu zen Jauna lurralde hartaz eta urrundu egin zuen izurritea Israelengandik.