Lehendanik, Saul gure errege zenean ere, zuk zenituen Israelen joan-etorriak gidatzen. Jaunak esana dizu: “Zuk gidatuko duzu ene herri Israel eta zu izanen zara israeldarren agintari”».
Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta hitzarmena egin zuen honek haiekin Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten.
Erregeak, berekin zituen gizon guztiekin, Jerusalemerantz jo zuen, lurralde hartan bizi ziren jebustarren kontra. Hauek esaten zioten Davidi: «Ez zara hona sartuko; itsuak eta herrenak aski dira zuri eusteko!» David inola ere ez zela sartuko uste zuten.
Egun hartan, hain zuzen, esan zien Davidek bere gudariei: «Jebustarrei eraso nahi dieten guztiak sar daitezela ubide-zulotik, David gutxiesten duten itsu eta herren horiengana!» Hortik dator esaera: «Ez itsurik, ez herrenik ez da sartuko Jaunaren etxean».
Davidek kontsulta egin zion Jaunari: —Erasoko al diet filistearrei? Emango al dizkidazu eskura? Jaunak erantzun zion Davidi: —Bai, eraso! Emango dizkizut eskura filistearrak.
Etorri zen David Baal Peritzim deritzan tokira, eta ebaki-ebaki egin zituen filistearrak. Honela zioen: «Ebaki egin ditu Jaunak nire etsaiak, uholdeak ebakidura egin ohi duen bezala». Horregatik deritza toki hari Baal Peritzim, hau da, «Ebakiduren Jauna».
Masustondo gainetik datorren oin-hotsa nabaritzean, ekin orduan borrokari, orduantxe joango baitzaizu aurretik Jauna filistearren gudarostea suntsitzera».