Eta Jaunaren aginduz, deiadar egin zuen aldarearen kontra, esanez: «Aldarea, aldarea! Hau dio Jaunak: “Daviden ondorengoen artean seme bat jaioko da; Josias deituko diote. Zure gainean intsentsua erretzen duten kultu-lekuetako apaizak hil eta eskaini egingo ditu zure gainean. Giza hezurrak erreko dituzte zure gainean!”»
Egun hartan bertan, ezaugarri bat eman zuen Jainkoaren gizonak, esanez: «Honetan igarriko duzue Jaunak hitz egin duela: Zartatu egingo da aldarea eta lurrera isuriko gainean duen errautsa».
Jainkoaren gizonak Betelgo aldarearen aurka oihukatu zuen mehatxua entzutean, Jeroboam erregeak aldare gainetik besoa luzatu eta agindu zuen: «Harrapa ezazue!» Baina Jainkoaren gizonaren aurka luzatutako besoa gogortu egin zitzaion eta ezin izan zuen bildu.
Orduan, esan zion erregeak Jainkoaren gizonari: —Bare ezazu, otoi, Jauna, zeure Jainkoa; eskatu berari nire alde, besoa bere onera itzul dakidan. Jainkoaren gizonak baretu zuen Jauna eta besoa bere onera etorri zitzaion erregeari, lehen bezalaxe geldituz.
Jainkoaren gizonak, aldiz, erantzun zion erregeari: —Zeure ondasunen erdia emango bazenit ere, ez nintzateke zurekin joango, ezta ogirik jango, ez urik edango ere toki honetan.
eta Jainkoaren gizonaren bila abiatu zen. Zuhaitz handi baten itzalean eseria aurkitu zuen eta galdetu zion: —Zu al zara Judatik etorri den gizona? Hark erantzun: —Neu nauzu.
Beste profetak, alabaina: —Profeta nauzu ni ere zu bezala, eta mezulari bat mintzatu zait Jaunaren izenean, esanez: «Itzularazi hori zeure etxera; jan dezala ogia eta edan ura». Gezurra zioen.
eta honela egin zion oihu Judatik etorritako Jainkoaren gizonari: —Hona zer dioen Jaunak: «Ez duzu egin Jaunaren esana; ez duzu bete Jaunak, zeure Jainkoak, eman zizun agindua.
Gizon hura itzularazia zuen profeta zaharrak, berri hori jakitean, esan zuen: «Jainkoaren gizona da! Ez du bete Jaunaren agindua, eta Jaunak lehoiaren atzaparretara eman du; lehoiak zatikatu eta hil egin du, Jaunak aurrez esana zion bezala».
Lur eman ondoren, esan zien bere semeei: —Ni hil nadinean, ehortz nazazue Jainkoaren gizona ehortzia dagoeneko hilobian. Ezarri nire hezurrak haren hezurren ondoan.
Beteko da bai mehatxua, Betelen dagoen aldarearen kontra eta Samariako hirietan dauden muinoetako kultu-leku guztien kontra gizon hark, Jaunaren aginduz, oihukatu zuen mehatxua.
Gertakari honen ondoren, Jeroboamek, bere jokabide okerretik aldendu ordez, kultu-lekuetako apaizak herriko jende xehearen artetik hartzen jarraitu zuen. Kargu hori gogoko zuen edonor sagaratu ohi zuen kultu-lekuetako apaiz izateko.