Aitak eginiko bekatu guztiak egin zituen Abiamek ere; honen bihotza ez zen oso-osorik izan Jaunarentzat, bere Jainkoarentzat, haren arbaso Daviden bihotza izana zen bezala.
Hala ere, Davidengatik bederen, Jaunak, haren Jainkoak, ez zuen errege-etxearen argia itzaltzen utzi Jerusalemen; seme bat eman zion, beraren ondoren errege izan zedin eta Jerusalemen iraun zezan.
Izan ere, zuzen jokatua zen David Jaunaren begietan, bere bizitzako egun orotan Jaunaren aginduetatik aldendu gabe, Urias hititaren arazo hartan izan ezik.
Bere ama Maakari berari ere ama-erreginari zegokion duintasuna kendu zion, Axera jainkosaren omenez irudi higuingarria egina zuelako. Asak irudi higuingarri hura hautsi eta Zedron errekan erre zuen.
Orduan, Asak, Jaunaren etxe eta bere jauregiko altxortegietan gelditzen zen zilar eta urre guztia hartu eta, bere zerbitzarien bidez, Siriako erregeari bidali zion. Ben-Hadad zen hura, Tabrimon-en semea eta Hezion-en biloba; Damaskon bizi zen. Honako mezu hau eman behar zioten:
«Egin dezagun ituna bion artean, zuen aitak eta gureak beren artean egin zuten bezala. Hona, zilarra eta urrea igortzen dizkizut esku-erakutsi. Hauts ezazu Israelgo errege Baxarekin egina duzun ituna; horrela, utzi egin beharko dio nire aurkako borrokari».
Onartu zuen Ben-Hadadek Asa erregeak esana eta bere gudarosteko ofizialak Israelgo hiriei erasotzera bidali zituen; Iion, Dan, Abel-Bet-Maaka, Kinereteko eskualde osoa eta, gainera, Neftaliren eskualde osoa hondatu zituzten.
Orduan, Asak Judako biztanle guztiei, batere utzi gabe, dei egin eta Baxak Rama gotortzeko erabili zituen harri eta oholak eraman zituzten, Benjamingo Geba eta Mitzpa gotortzeko.
Asaren gainerako jarduerak, egintza adoretsuak, egin zuen guztia eta nola gotortu zituen hiriak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak. Zahartzaroan hanketako gaitzez egon zen gaixorik.
Ahiasen seme eta Isakarren leinukoa zen Baxak jaiki eta hil egin zuen Nadab erregea, israeldar guztiekin Gibeton, filistearren hiria, setiatzen ari zenean. Hantxe bertan hil zuen Baxak.
Errege izaten hastean, Baxak Jeroboamen etxeko guztiak hilarazi zituen. Ez zuen Jeroboamen etxeko bat ere utzi hil gabe, halaxe esana baitzuen Jaunak Xiloko Ahias bere zerbitzariaren bidez.