Hamasei urte zituen errege izaten hastean, eta berrogeita hamabi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Jekolias zuen izena eta Jerusalemgoa zen.
Jaunak gaixotasun larria eman zion Azariasi: legena. Hil arte egon zen legendun. Horregatik, etxe berezi batean bizi behar izan zuen. Bitartean, beraren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herria.
Honela bete zen Jaunak Jehuri esaniko hura: «Hara, zure ondorengoak jarriko dira, laugarren belaunaldiraino, Israelgo errege-aulkian». Eta halaxe izan zen.
Izan ere, Gadiren seme Menahem Tirtzatik igo eta Samarian sartu zen. Samarian, Jabexen seme Xalum hilarazi ondoren, bera jarri zen errege, haren ordez.
Ondoren, Menahemek Tifsah hiriari eraso zion, han ziren guztiak eta lurralde osoa, Tirtzatik hasirik, triskatuz, hiriko ateak ireki ez zizkiotelako, eta emakume haurdun guztiei sabela ireki zien.
Judako Azariasen erregealdiko hogeita hemeretzigarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Menahem, Gadiren semea; hamar urtez izan zen errege.
Asiriako errege Pul Israelgo lurraldean sartu zen; baina Menahemek hogeita bost mila kilo zilar eman zizkion Puli, erregetza bere eskuetan sendotzen lagun ziezaion.
Asiriako erregearentzat zilar-kopuru hori bildu ahal izateko, Israelgo aberats guztiei zilarrezko berrogeita hamarna txanpon emanarazi zien, zergatzat. Asiriako erregea, Israelen gelditu gabe, bere erreinura itzuli zen.
Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekahias, Menahemen semea; bi urtez izan zen errege.
Erregearen ezkutari zen Pekahek, Ramaliasen semeak, azpilana egin zuen Pekahiasen kontra eta, berrogeita hamar gizon galaadtar harturik, hil egin zuen erregea Samarian, jauregiko dorrean, Argob eta Arie-rekin batera. Pekahias hiltzean, Pekah izan zen errege.
Judako Azariasen erregealdiko berrogeita hamargarren urtean hasi zen Israelgo errege izaten Samarian Pekah, Ramaliasen semea; hogei urtez izan zen errege.
Israelgo errege Pekahen garaian, Asiriako errege Tiglat-Pileserrek honako hiri eta eskualde hauek hartu zituen: Iion, Abel-Bet-Maaka, Janoah, Kedex eta Hatzor hiriak, Galaad eta Galilea eskualdeak eta Neftaliren lurralde osoa. Hauetako guztietako bizilagunak Asiriara erbesteratu zituen.
Elaren seme Oseasek azpilana egin zuen Ramaliasen seme Pekahen kontra; zauritu eta hil ondoren, bera jarri zen errege. Uziasen seme Jotamen, Judako erregearen, erregealdiko hogeigarren urtea zen.
Hala ere, ez ziren desagertu muinoetako kultu-lekuak, herriak halako kultu-lekuetan opariak eskaintzen eta intsentsua erretzen jarraitu zuen. Jotam honek egina da Jaunaren etxeko ate garaia.