Joiakimen erregealdian guda-ateraldi bat egin zuen Babiloniako errege Nabukodonosorrek, eta Joiakim hiru urtez haren menpeko izan zen; gero, hau berriro jaiki zen haren kontra.
Orduan, kaldear, aramear, moabdar eta amondar taldeak bidali zituen Jaunak Joiakim erregearen aurka, Juda desegin zezaten. Hala esana baitzuen Jaunak bere zerbitzari profeten bidez.
Egiptoko erregea ez zen aurrerantzean bere lurraldetik atera; izan ere, lehen, Egiptoko muga-errekatik Eufrates ibairaino, egiptoarren menpe egoniko guztia, orain Babiloniako erregearen menpe zegoen.
Hemezortzi urte zituen Joiakinek errege izaten hastean, eta hiru hilabetez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Nehuxta zuen izena eta Jerusalemgo Elnatanen alaba zen.
Orduan, Judako errege Joiakin Babiloniako erregeari menderatu egin zitzaion, bere ama, ofizial, buruzagi eta funtzionarioekin batera, eta Babiloniako erregeak preso hartu zuen. Nabukodonosorren erregealdiko zortzigarren urtea zen.
Jaunak esana zuenez, Jaunaren etxeko eta jauregiko altxor guztiak eraman zituen Nabukodonosorrek, eta Israelgo errege Salomonek Jaunaren tenplurako egin zituen urrezko tresna guztiak hautsi.
Jerusalemgo jende guztia erbestera eraman zuen, buruzagi zein handiki. Guztira hamar mila erbesteratu. Errementari eta sarrailgileak ere eraman zituen. Herriko jende xehea bakarrik utzi zuen.
Zazpi mila handiki ere eraman zituen Babiloniako erregeak, baita mila errementari eta sarrailgile ere, denak gudari izateko gai. Babiloniara eraman zituen denak gatibu.
Hogeita bat urte zituen Sedekiasek errege izaten hastean, eta hamaika urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Hamutal zuen izena eta Libnako Jeremiasen alaba zen.
Hain zegoen haserre Jauna Jerusalem eta Judaren kontra, ezen bere aurretik urruti bota baitzituen. Babiloniako errege Nabukodonosorren kontra jaiki zen Sedekias.