Ondoren, mezu hau bidali zion Judako errege Josafati: «Moabeko erregea kontra jarri zait. Etorriko al zara moabdarrak borrokatzera?» Hark erantzun: «Joango naiz. Biok bat gara; nire gudarostea eta zurea, nire zalditeria eta zurea bat dira».
Abiatu ziren, bada, Israelgo erregea, Judakoa eta Edomgoa. Zazpi eguneko itzulingurua egin ondoren, urik gabe gelditu ziren, bai gudarostearentzat, bai atzetik zituzten zamarientzat.
Josafatek esan zuen: —Ez ote da hemen Jaunaren profetarik, beraren bidez Jaunari galdegin ahal izateko? Israelgo erregearen zerbitzarietako batek esan zuen: —Hemen dugu Xafaten seme Eliseo. Eliasen laguntzaile izana da.
Eliseok esan zion Israelgo erregeari: —Utz nazazu bakean! Galdegiezu zeure aita-amen profetei. Israelgo erregeak ihardetsi zion: —Ez! Moabdarren eskuetan uzteko bildu gaitu Jaunak hiru erregeok.
Eliseok, orduan: —Ala Jaun ahalguztiduna, bere zerbitzari nauena! Judako errege Josafaten begirunez izan ez balitz, ez nizukeen inolako kasurik egingo, ezta begiratu ere.
Izan ere, nahiz eta zuek haizerik ez sumatu, ez euririk ikusi, urez beteko da haran hau eta edan ahal izanen duzue bai zeuek, bai zuen abere eta zamariek».
Moabdarrek, beren aldetik, errege haiek erasotzera zetozkiela jakitean, armak hartzeko adinean zeuden guztiak eta zaharragoak ere bildu eta mugetan kokatu zituzten.
Moabdarrak israeldarren kanpalekura hurbildu zirenean, ordea, israeldarrek eraso egin zieten moabdarrei. Hauek ihesari eman zioten, eta israeldarrek, Moaben sartuz,
dena hondatu zuten: hiriak xehatu, lur landuak harriz bete, iturburuak itxi eta fruta-arbolak ebaki. Kir-Hareset hiriburua besterik ez zen gelditu; hiri honi ere, setiatu ondoren, eraso egin zioten habailariek.
Moabeko erregeak, gudua galtzeko zorian zegoela ikusirik, zazpiehun gizon hartu zituen, beren ezpata eta guzti, Edomgo erregearen taldea banatzeko; baina ez zuen deus egin ahal izan.
Orduan, hartu zuen Moabeko erregeak beraren ondoren errege izatekoa zen bere seme zaharrena eta erre-oparitzat eskaini zuen harresi gainean. Ikaragarrizko beldurra sartu zitzaien israeldarrei. Handik alde egin eta beren lurraldera itzuli ziren.