Davidi, Kixen seme Saulengandik urruti ibili behar izan zuen aldi haietan, zenbait gizon bildu zitzaion Tziklagen. Haren gudari adoretsuen artekoak ziren eta guduan lagun zituen.
Gaden leinuko batzuk ere, beren leinua utzirik, Davidi bildu zitzaizkion basamortuko gordelekuan. Gizon ausartak ziren, gudari trebeak, babeski eta lantzaz armatuak; lehoiak bezain beldurgarriak eta mendiko gazelak bezain bizkorrak.
Behin batez, Jordan ibaia igaro zuten gudari hauek urteko lehen hilabetean, ibaiak alde guztietatik gainez egiten duen garaian, eta ihes eragin zieten ekialdera nahiz mendebaldera dauden haranetako bizilagunei.
Atera zitzaien David bidera eta esan zien: «Adiskide gisa baldin bazatozkidate eta niri laguntzeko asmoz, bihotz-bihotzez hartuko zaituztet; baina, nik inolako gogorkeriarik egin gabe, ni etsaiari saltzeko asmoz bazatozte, ikus dezala gure arbasoen Jainkoak eta zigor zaitzatela».
Amasaik, hogeita hamar gudarien buruzagiak, espirituaren eraginez, esan zuen: «Zeurekin gaituzu, David, zeurekin, Jeseren seme! Bakea, bakea zuretzat, bakea laguntzen dizunarentzat, zeure Jainkoa baituzu laguntzaile». Orduan, Davidek onartu egin zituen eta gudalburuen artean hartu.
Manasesen leinuko batzuk ere Daviden aldera igaro ziren, filistearrekin batera Saulen kontra borrokatzera zihoanean. Baina Davidek eta bere gizonek ezin izan zieten filistearrei lagundu; izan ere, hizketatu ondoren, filistearren buruzagiek bidali egin zuten David, beraien kontra jarri eta bere lehengo jaun Saulengana igaroko zela pentsatuz.
David Tziklagera itzuli zenean, berarekin joan ziren Manasesen leinuko hauek: Adnah, Jozabad, Jediael, Mikael, Jozabad, Elihu eta Tziletai; milana gizonen buru ziren hauek Manasesen leinuan.
Anitz gudari bildu zen Davidengana Hebronen, borrokarako trebatuak, Saulen erregetza Davidi emateko, Jaunak agindu bezala. Hona hemen gizon haien kopurua:
Isakarren leinuko berrehun buruzagi, beren menpe zituzten ahaide guztiekin; aldian aldiko gorabeherak aztertzen iaioak ziren hauek, Israelek zer egin behar zuen jakiteko;
Jordan ibaiaz ekialdera bizi ziren Rubenen eta Gaden leinuetako eta Manasesen beste leinu erdiko ehun eta hogei mila gizon, era guztietako armez gudukatzeko prest.
Gudari hauek guztiak, guda-lerrotan antolatu eta erabaki sendoa harturik, Hebronera etorri ziren, David Israel osoaren errege izendatzera. Gainerako israeldarrak ere bat zetozen David errege izendatzeko.
Inguruetako jendeak, baita urrutiago bizi ziren Isakar, Zabulon eta Neftaliren leinuetakoek ere, janaria ekarri zieten asto, gamelu, mando eta idiz: irina, piku-opilak, mahaspasak, ardoa, olioa, behi eta ardi ugari, israeldarrak bozkarioz beterik baitzeuden.