Davidek esan zion biltzar osoari: «Ene seme Salomon, Jainkoak aukeratu duen bakarra, gaztea da eta ikasi gabea; egin behar duen lana, berriz, handia, jauregi hau ez baita edozein gizonentzat, Jainko Jaunarentzat baizik.
Eginahalak egin ditut nik neure Jainkoaren etxea eraikitzeko behar den guztia prestatzen: urrea, zilarra, brontzea, burdina, zura; baita onize eta apain-harriak, harri beltzak eta koloredunak, era guztietako harribitxiak eta hartzuri ugari ere.
Eta etxe santu honetarako prestatu dudan horretaz guztiaz gainera, neure altxorretik ematen dut urrea eta zilarra ere Jainkoaren etxerako, maite baitut nik tenplu hori.
Orduan, familiaburuek, Israelgo leinuburuek, milako eta ehuneko gudari-taldeen buruzagiek eta erregearen administratzaileek eskuzabal egin zituzten beren emaitzak.
Ehun eta hirurogeita hamar tona urre, hamar mila txanpon, hirurehun eta berrogei tona zilar baino gehiago, seiehun tona inguru brontze eta hiru mila eta bostehun tona burdina eman zuten.
Zeureak dituzu, Jauna, handitasuna, indarra, ohorea, ospea eta gorespena. Zeureak dituzu zeru-lurretan diren guztiak. Zeureak, Jauna, erregetza eta gauza guztien nagusitza.
«Zuregandik datoz aberastasuna eta aintza; zeure menpe duzu dena. Zeure esku dituzu indarra eta ahalmena; zeure esku, edonor handi eta indartsu egitea.
«Izan ere, nor naiz ni eta nor nire herria zuri borondatezko emaitza hauek egin ahal izateko? Zuregandik dator dena eta zure eskutik hartua eman dizugu.
«Badakit, ene Jainko, gure asmorik gordeenak aztertzen dituzula eta zuzentasuna maite duzula; asmo zuzenez eskaini dizkizut bat-batean gauza hauek guztiak, eta bozkarioz ari naiz ikusten hemen dagoen herri guztiak ere eskuzabal egiten dizkizula bere emaitzak.
Jauna, gure arbaso Abrahamen, Isaaken eta Israelen Jainkoa, egizu gure herriak iraun dezala beti era horretako jarreran, eta erakar zeuregana herri honen bihotza.
«Emaiozu nire seme Salomoni zure agindu, burubide eta legeak bihotz-bihotzez gordetzea, denak bete ditzan eta nik prestatu dizudan jauregia eraiki diezazun».
Orduan, esan zion Davidek biltzar osoari: «Bedeinka ezazue Jauna, zeuen Jainkoa!» Eta biltzar osoak bedeinkatu egin zuen Jauna, bere arbasoen Jainkoa, eta denak ahuspeztu egin ziren Jaunaren eta erregearen aurrean.
Biharamunean sakrifizioak eta erre-opariak eskaini zizkioten Jaunari: mila zekor, mila ahari, mila bildots, isur-opariekin batera; opari ugari eskaini zuten Israel osoaren alde.
Egun hartan alaitasun handiz jan eta edan zuten Jaunaren aurrean. Berriro ere errege izendatu zuten Daviden seme Salomon eta buruzagi gantzutu Jaunaren izenean. Tzadok, berriz, apaiz gantzutu zuten.
David erregearen egintzak oro, lehenengotik azkenekora, «Samuel Ikuslearen Kronikak», «Natan Profetaren Kronikak» eta «Gad Ikuslearen Kronikak» deritzen liburuetan daude idatziak.
Liburu horietan kontatzen da Daviden erregealdi indartsuari buruzko guztia, baita berari, Israeli eta lurralde haietako erreinuei gertatu zitzaizkien gorabeherei buruzkoa ere.