Zakarias bizi izan zen bitartean, Uziasek Jaunarengana jo zuen beti, Jainkoari begirune izaten erakutsi baitzion hark. Eta Jaunarekiko zintzo izan zen bitartean, Jainkoak lagundu egin zion.
Basamortuan ere eraiki zituen dorreak, putzu ugari zulatu zuen, abere-talde asko baitzuen Xefela lautadan eta goi-lautadan; baita nekazariak eta mahastilariak ere mendietan eta alorretan, nekazaritza gogoko baitzuen.
Guduari ekiteko beti prest zuen Uziasek gudarostea, Jeiel idazkariak eta Maaseias funtzionarioak egina zuten izen-hartzearen arabera gudari-taldetan antolatua. Hananias, erregearen buruzagietako bat, zuten gudalburu nagusi.
Gizon trebe batek asmaturiko tramankuluak eginarazi zituen Jerusalemen, dorre eta kantoietan ezarriz, gezi eta harri handiak jaurtitzeko. Jainkoaren laguntza miragarriaz indartsu egin zen eta haren izena urrutiraino zabaldu zen.
Bere burua hain indartsu ikusirik, harrotu egin zen zeharo, eta horrela galdu. Oker jokatu zuen Jaunaren, bere Jainkoaren, aurrean: behin batez, tenpluko sala handira sartu zen, intsentsu-aldarean intsentsua erretzeko asmoz.
Uzias erregeari aurre eginez, esan zioten: «Uzias, ez dagokizu zuri Jaunaren ohorez intsentsua erretzea, Aaronen jatorriko apaizei baizik; horretarako baitaude sagaratuak. Irten toki santu honetatik! Oker jokatu duzu; horrek ez zaitu ospetsu egingo Jainko Jaunaren aurrean ».
Uzias, intsentsua erretzeko intsentsu-ontzia eskuan zuela, haserretu egin zen apaizen kontra. Baina une hartantxe, apaizen aurrean, Jaunaren etxean bertan, intsentsu-aldarearen ondoan zegoela, legena atera zitzaion bekokian.
Azarias apaiz nagusiak eta beste apaiz guztiek, bekokian legena zuela ikustean, bizkor irtenarazi zuten handik, eta bera ere arrapaladan joan zen, Jaunak joa zegoelako.
Uzias erregea legendun egon zen hil arte; horregatik, etxe berezi batean bizi behar izan zuen. Eta Jaunaren etxera ere ezin zen sartu. Bitartean, beraren seme Jotamek, jauregiko buru zenak, gobernatu zuen herriko jendea.
Hil zenean, bere arbasoen ondoan ehortzi zuten Uzias, erregeen hilobien inguruan, legenduna zela ziotelako. Ondorengo erregea haren seme Jotam izan zen.