Haxabias, Xerebias eta Kadmielen seme Josue ziren lebitarren buru; beren senideekin txandatuz, Jainkoaren gorespenak kantatzen zituzten, nork bere zerbitzuko taldean, Jainkoaren gizon Davidek agindu zuen bezala.
Hauek guztiak, Jotzadaken iloba eta Josueren seme zen Joiakimen garaian eta Nehemias gobernariaren eta Esdras apaiz eta lege-maisuaren garaian bizi izan ziren.
Igoarazi nituen Judako buruzagiak harresiaren gainera eta bi abestalde egin nituen. Lehenengo abestaldea eskuinera joan zen harresi gainean, Zabortegiko ate aldera.
eta berorien ahaideok: Xemaias, Azarel, Milalai, Gilalai, Maai, Netanel, Juda eta Hanani, Jainkoaren gizon Daviden musika-tresnekin; gidari Esdras lege-maisua zuten.
Iturriaren aurrera heltzean, Daviden Hiriko harmailetan gora igo ziren, harresiko aldapan gora, Daviden etxearen gainaldetik, ekialderantz, Ur-ateraino heldu arte.
Beste abestaldea, berriz, ni neu eta buruzagien erdiak atzetik gintuztela, ezkerraldera joan zen harresi gainean, Labeen dorre ondotik harresi zabaleraino;
Egun hartan sakrifizio handiak eskaini ziren eta jai ederra egin zuten denek, Jainkoak alaitasunez bete baitzituen. Emakumeak eta haurrak ere pozik ibili ziren, eta Jerusalemgo poz-oihuak urrutitik entzun zitezkeen.
Egun hartan, halaber, lehen fruitu eta hamarrenen gordelekuak zaintzeko arduradunak jarri ziren. Gizon hauek legeak apaiz eta lebitarrentzat agintzen zuen partea hiri-inguruetan bildu eta toki horietara eramaten zuten. Pozik zegoen Judako jende guztia, apaiz eta lebitarrak beren zerbitzu-lanetan ari zirelako.
Izan ere, hauek beren Jainkoaren zerbitzua eta garbikuntza-ohikuneak ongi betetzen zituzten. Kantariak eta atezainak ere Davidek eta honen seme Salomonek emandako aginduetara zebiltzan.
Bai Zorobabelen eta bai Nehemiasen garaian, israeldar guztiek ematen zieten kantari eta atezainei egunero behar zutena. Lebitarrei ere ematen zizkieten oparigai sakratuak, eta lebitarrek Aaronen ondorengoei, hau da, apaizei, eramaten zieten zegokiena.