Denok arraza berekoak gara! Gure seme-alabak badira besteenak adina! Hala ere, gure seme-alabak esklabo saldu beharrean gertatzen gara, eta gure seme-alabetako batzuk dagoeneko esklabo bilakatu dira. Baina ezin dugu ezer egin, gure landak eta mahastiak besteren eskuetan baitaude».
Handiki eta agintariei aurpegi ematea erabaki nuen. Esan nien: «Zama astuna ezartzen diezue, senideok, elkarri!» Eta batzar nagusia bildu nuen haien aurka.
Honela salatu nituen: «Geure ahalegin guztiaz berriro erosi ditugu atzerritarrei salduak zeuden geure senide juduak. Orain, zeuek ari zarete senideak saltzen, gu berriro erosi beharrean gerta gaitezen ». Isilik geratu ziren, txintik ere atera gabe.
Nik, berriro: —Ez dago ondo egiten ari zaretena. Ez al duzue gure Jainkoaren beldurrean bizi nahi, atzerriko gure etsaien aurrean barregarri gerta ez gaitezen?
Nire proposamena onartu eta erantzun zidaten: —Itzuliko dizkiegu, bada, eta ez diegu deus eskatuko. Deitu nien, orduan, apaizei, eta haien aurrean zin eginarazi nion jendeari hitzemana beteko zuela.
Ondoren, nire jantziaren sakela astindu nuen, esanez: —Astindu dezala honela Jainkoak, bere etxetik eta ondasunetatik kanpora botaz, emandako hitza betetzen ez duena! Hustua eta esku-hutsik gera bedi halakoa! —Amen! —erantzun zuen batzar osoak, eta Jauna goretsi zuen. Herriak bete zuen emandako hitza.
Artaxerxesen erregealdiko hogeigarren urtean Judako gobernari izendatu ninduten, eta hogeita hamabigarren urtea arte iraun nuen karguan. Hamabi urte horietan, nik eta nire senideek ez dugu gobernariari dagokion ordainik jaso.
Nire aurretik gobernari izan zirenek, ordea, herria zapaltzen zuten, honen bizkarretik ogia, ardoa eta zilarrezko berrogei txanpon hartuz; gobernarien funtzionarioek ere gehiegikeriak egiten zituzten herrian. Nik, aldiz, Jainkoari nion begiruneagatik, ez nuen horrela jokatu.
Egunero, idi bat, aukerako sei ahari eta hegaztiak neure kontura prestatzen nituen; hamar egunetik behin, ardoa ugari ekartzen nuen. Hala ere, ez nuen gobernariaren saririk eskatu, herriak bere lanarekin zama aski astuna zuelako.