|
| 1 |
|
| «Bai, neure begiek ikusi dute hori dena, neure belarriek entzun dute, eta ulertzen dut. |
|
| 2 |
|
| Zuek dakizuena, neuk ere badakit, ez naiz, ez, zuek baino gutxiago. |
|
| 3 |
|
| Baina nik Ahaltsuari hitz egin nahi diot, Jainkoarekin egin nahi dut eztabaidan. |
|
| 4 |
|
| Zeren zuek gezurzale baitzarete, sasimediku besterik ez. |
|
| 5 |
|
| Isil-isilik egongo bazinete, orduan bai zuek jakintsu! |
|
| 6 |
|
| «Entzun, bada, ene defentsa, aditu ene ezpainetako arrazoibideak. |
|
| 7 |
|
| Jainkoa nahi al duzue defendatu zuen bidegabekeria eta gezurrez? |
|
| 8 |
|
| Jainkoaren alde jarri nahi al duzue eta haren defendatzaile bihurtu? |
|
| 9 |
|
| Eta berak aztertuko bazintuzte, zer? Gizakia bezala engainatuko ote zenukete? |
|
| 10 |
|
| Agudo asko aurpegiratuko dizue, ezkutuan alderdikeriaz jokatzen baduzue. |
|
| 11 |
|
| Ez al zaituzte ikaratzen haren handitasunak? Ez al zaituzte zanpatzen harenganako izuak? |
|
| 12 |
|
| Errautsezko esanak dira zuen hitz-aspertuak, buztinezkoak zuen erantzunak. |
|
| 13 |
|
| Isildu zuek! Neuk hitz egin behar dut, eta datorkidala datorkidana! |
|
| 14 |
|
| Dena arriskatuko dut, bizia jarriko dut jokoan. |
|
| 15 |
|
| Bai, hil egingo nau. Ez dut ezer espero, neure jokabidea haren aurrean defendatzea izan ezik. |
|
| 16 |
|
| Hori bera izango dut salbabide, sinesgaberik ezin baita haren aurrera aurkeztu. |
|
| 17 |
|
| Entzun, entzun ene hitza, sar dadila zuen belarrietara ene azalpena. |
|
| 18 |
|
| Prestatu dut neure defentsa eta badakit errugabe geldituko naizela. |
|
| 19 |
|
| Ba al da nirekin eztabaidan hasi nahi duenik? Ni isildu eta hiltzeko zorian nago. |
|
| 20 |
|
| «Ene Jainko, bi gauza bakarrik eskatzen dizkizut eta ez naiz zure aurretik ezkutatuko: |
|
| 21 |
|
| zeure atzaparra nire gainetik kentzea eta zeure izuaz ni ez ikaratzea. |
|
| 22 |
|
| Gero, zuk hitz egin eta nik erantzungo dizut, edota nik hitz egin eta zuk erantzungo. |
|
| 23 |
|
| Zenbat dira nire erruak eta bekatuak? Erakuts iezadazu ene okerkeria eta bekatua. |
|
| 24 |
|
| Zergatik ezkutatzen didazu zeure aurpegia, zergatik hartzen nauzu etsaitzat? |
|
| 25 |
|
| Zergatik izutzen nauzu eta erasotzen? Ez naiz airean doan hosto eta lasto iharra baizik. |
|
| 26 |
|
| Epai latzak ematen dituzu ene aurka, gaztaroko erruak egotziz; |
|
| 27 |
|
| nire oinak katez lotzen dituzu, nire pauso guztiak zelatatzen, oinatzak aztertzen. |
|
| 28 |
|
| «Gizakia pipiak jotako zura bezala birrintzen da, sitsak jandako soinekoa bezala. |
|
|
|
|