|
| 1 |
|
| «Otoi, Job, aditu nire hitzak, entzun arretaz esango dizudana. |
|
| 2 |
|
| Ahoa zabalduko dut, prest dut ezpainetan erantzuna. |
|
| 3 |
|
| Bihotz zuzenez hitz egingo dut, nire ezpainek egia hutsa esango. |
|
| 4 |
|
| Jainkoaren espirituak egin ninduen, Ahaltsuaren arnasak biziarazten nau. |
|
| 5 |
|
| «Erantzun, ahal baduzu, presta zaitez aurre egiteko. |
|
| 6 |
|
| Biok pareko gara Jainkoaren aurrean, ni ere buztinez moldatua izan nintzen. |
|
| 7 |
|
| Beraz, ez izan nire beldur, ez dizut-eta neure agintea ezarriko. |
|
| 8 |
|
| Zeuk esan duzu nire aurrean, oraindik entzuten ari naiz zure hitzak: |
|
| 9 |
|
| “Garbi nago, bekaturik gabe; guztiz errugabea naiz. |
|
| 10 |
|
| Baina Jainkoak aitzakiak asmatzen ditu nire aurka, etsaitzat hartzen nau; |
|
| 11 |
|
| oinak zepoan sartzen dizkit, nire ibilbide guztiak zelatatzen”. |
|
| 12 |
|
| Horretan ez duzula arrazoi esango dizut, gizona baino handiagoa baita Jainkoa. |
|
| 13 |
|
| Zer dela-eta salatzen duzu bera? Hark ez du bere egintzen kontu eman beharrik. |
|
| 14 |
|
| «Era askotan hitz egiten du Jainkoak, baina jendea ez da ohartzen: |
|
| 15 |
|
| ametsetan, gau-ikuskarietan, gizakia lozorroan geratzen denean ohe gainean lokartua. |
|
| 16 |
|
| Orduan zabaltzen du gizakiaren belarria eta oharpenak barruan ezartzen, |
|
| 17 |
|
| bere egintza gaiztoetatik urrundu eta harrokeriatik gordetzeko. |
|
| 18 |
|
| Horrela zaintzen du hilobian eror ez dadin, heriotzaren muga pasa ez dezan. |
|
| 19 |
|
| «Beste batzuetan, eritasunaz zentzarazten du ohean, etengabeko minaz gorputza jotzen dionean. |
|
| 20 |
|
| Orduan, janaria, jakirik goxoena ere, nazkagarri gertatzen zaio. |
|
| 21 |
|
| Nabari joaten zaio haragia desagertuz eta sumatzen ez zitzaizkion hezurrak nabarmenduz. |
|
| 22 |
|
| Haren bizia hilobira hurbiltzen da, heriotzaren ateetatik gertu. |
|
| 23 |
|
| «Baina aingeru bat aurkitzen badu beretzat, milaren artean bitarteko bat, egin beharrekoa erakutsiko diona, |
|
| 24 |
|
| errukitu eta esango dio honek Jainkoari: “Libra ezazu hilobira jaistetik, aurkitu baitut honentzako erospen-saria”. |
|
| 25 |
|
| Orduan, gaztetasunaren indarra berreskuratuko du, nerabezaroko egunetara itzuliko berriro. |
|
| 26 |
|
| Jainkoari erregu egin eta onartu egingo dio; pozez oihuka ikusiko du haren aurpegia, eta hark zuzentasuna itzuliko berriro gizakiari. |
|
| 27 |
|
| Honek lagunen aurrean kantatuko du esanez: “Bekatu egin eta zuzenbidea hautsi nuen, baina Jainkoak ez dit merezitakoa eman. |
|
| 28 |
|
| Hilobira erortzetik libratu nau, argiz beterik biziko naiz”. |
|
| 29 |
|
| «Hau dena bi aldiz, hiru aldiz, egiten du Jainkoak gizakiarentzat, |
|
| 30 |
|
| hilobitik libratzeko, biziaren argiaz hornitzeko. |
|
| 31 |
|
| Egin kasu, Job, entzun adi: egon isilik, nik hitz egingo dut. |
|
| 32 |
|
| Zer erantzunik baldin baduzu, esan, arrazoi emateko prest nago eta; |
|
| 33 |
|
| bestela, entzun niri; zu isilik egon, eta jakinduria irakatsiko dizut». |
|
|
|
|