|
| 1 |
|
| Jaunak jarraitu zuen Jobi esaten: |
|
| 2 |
|
| «Ba al da Ahaltsuarekin eztabaidatu nahi duenik? Jainkoa kritikatu nahi duenak, erantzun beza». |
|
| 3 |
|
| Jobek erantzun zion Jaunari: |
|
| 4 |
|
| «Ni ez naiz inor, zer erantzungo dizut? Eskuaz ahoa itxiko dut. |
|
| 5 |
|
| Behin eta birritan hitz egin dut, eta ez dut beste erantzunik erantsiko». |
|
| 6 |
|
| Orduan, Jaunak ekaitzaren erditik erantzun zion Jobi: |
|
| 7 |
|
| «Presta zaitez, adorerik baduzu, nire galderei erantzuteko. |
|
| 8 |
|
| Arrazoia kendu nahi al didazu eta ni gaitzetsi zeure burua zuzenesteko? |
|
| 9 |
|
| Jainkoak adina indar al duzu eta harena bezain ahots ozena? |
|
| 10 |
|
| Horrela bada, jantzi zeure burua ospe eta handitasunez, estali duintasun eta edertasunez. |
|
| 11 |
|
| Utzi zeure suminari lehertzen eta eraitsi harroputza begiratu batez. |
|
| 12 |
|
| Makurrarazi begiratu batez harroputza, jo eta zanpatu bertan gaiztoak. |
|
| 13 |
|
| Lurpera itzazu guztiak batera, estali guztiei begiak hilobi ilunean. |
|
| 14 |
|
| Orduan, nik neuk goraipatuko zaitut, zeure ahalmenaz lortua zenukeen garaipenagatik. |
|
| 15 |
|
| «Begira hipopotamoari. Neuk egina da zu bezalaxe. Belarra jaten du idiak bezala. |
|
| 16 |
|
| Begira zer sendotasun duen bizkarraldean, nolako indarra sabeleko muskuluetan! |
|
| 17 |
|
| Tente du isatsa, zedroa bezala, artekaturik ditu hanketako tendoiak; |
|
| 18 |
|
| hezurrek, brontzea bezain gogor, burdinazko hagak dirudite. |
|
| 19 |
|
| Nire maisulana da; neuk bakarrik, bere egileak, mendera lezake ezpataz. |
|
| 20 |
|
| Mendiek ematen diote janaria, beraren inguruan egiten dute jolas basapiztiek. |
|
| 21 |
|
| Lotoaren azpian etzaten da, aintzirako kanabera artean ezkutatzen. |
|
| 22 |
|
| Lotoaren gerizpean babesten da, errekako sahatsek inguratzen dute. |
|
| 23 |
|
| Ibaiak ur handiak badakartza ere, ez da izutzen, nahiz eta Jordan ibaiak muturrean jo, lasai geratzen da. |
|
| 24 |
|
| Nork aurrean jarri eta helduko dio? Nork eutsi eta sudurra zulatuko? |
|
| 25 |
|
| «Harrapa al dezakezu krokodiloa amuaz edo haren mihia sokaz lotu? |
|
| 26 |
|
| Pasatuko ote diozu kanabera sudurretik edo zulatuko ote matrailezurra kakoz? |
|
| 27 |
|
| Erreguka eta zurikeriatan ibiliko ote zaizu? |
|
| 28 |
|
| Hitzarmena egingo ote du zurekin, betiko esklabo har dezazun? |
|
| 29 |
|
| Jolas egingo al duzu berarekin txoritxoarekin bezala edota preso hartuko zeure alaben jostailu bihurtzeko? |
|
| 30 |
|
| Enkantean jarriko ote dute arrantzaleek, saltzeko zatikatuko ote merkatariek? |
|
| 31 |
|
| Larrua zula-zula egingo ote diozu geziz edo burua arpoiz zeharkatuko? |
|
| 32 |
|
| Jarriozu eskua gainean, ez duzu berriz egingo, gogoan izango baituzu borroka. |
|
|
|
|