|
| 1 |
|
| «Dei egin, Job, ea inork erantzuten dizun! Zein aingerurengana joko duzu? |
|
| 2 |
|
| Jakizu amorruak itotzen duela zentzugabea, inbidiak hilarazten heldugabea. |
|
| 3 |
|
| Sustraiak botatzen ikusi nuen zentzugabea, baina berehala hondatu zen haren egoitza; |
|
| 4 |
|
| haren seme-alabek ez dute salbabiderik izango, epaitegian zanpatuko dituzte inoren babesik gabe; |
|
| 5 |
|
| gosetuek jango dute hark bildutako uzta, kendu egingo diote, arantzazko hesiak jarri arren; egarrituek zurrupatuko diote ondarea. |
|
| 6 |
|
| Jakina da gaiztakeria eta miseria ez direla berez sortzen lurrean: |
|
| 7 |
|
| gizakiak sortzen du miseria, suak txinparta bezala. |
|
| 8 |
|
| «Nik neuk Jainkoarengana joko nuke, berari agertuko nioke ene auzia. |
|
| 9 |
|
| Ulermena gainditzen duten mirariak egiten ditu hark, gauza harrigarriak, ezin konta ahala; |
|
| 10 |
|
| euria bidaltzen du lurraren gainera, soroak ureztatzen; |
|
| 11 |
|
| apalduak goratu egiten ditu, bihotz-eroriak salbamenera jasotzen; |
|
| 12 |
|
| maltzurraren egitasmoak desegiten ditu, ez die uzten arrakastarik izaten; |
|
| 13 |
|
| buruargia bere maltzurkerian harrapatzen du, porrot eragiten bihurrien asmoei; |
|
| 14 |
|
| horrela, egun-argi betean ilunpetan aurkitzen dira, eguerdian itsumustuka ibiltzen gauean bezala. |
|
| 15 |
|
| Behartsua, ordea, salbatu egiten du Jainkoak haien mihiaren eztenetik eta indarkeriatik; |
|
| 16 |
|
| itxaropena ematen dio ahulari eta ahoa ixten zuzengabeari. |
|
| 17 |
|
| «Zorionekoa Jainkoak zentzarazten duen gizakia! Ez mespretxatu Ahaltsuaren heziketa. |
|
| 18 |
|
| Hark zauritu arren, osatu ere berak osatzen du; berak jo arren, sendatu ere bere eskuz sendatzen. |
|
| 19 |
|
| Behin eta berriro libratuko zaitu larrialditik, inoiz ez duzu kalterik jasango. |
|
| 20 |
|
| Gosetean heriotzatik gordeko zaitu, gerratean ezpatatik. |
|
| 21 |
|
| Mihiaren zigorretik babestuko zaitu, ez zara hondamendiaren beldur izango. |
|
| 22 |
|
| Bost axola zuri hondamendi eta gabeziak, ez zara basapiztien beldur izango. |
|
| 23 |
|
| Harriek ez dizute soroan trabarik egingo, eta bakean biziko zara piztiekin. |
|
| 24 |
|
| Bakea izango duzu etxean; aziendak ikuskatzean, ez zaizu bat ere faltako. |
|
| 25 |
|
| Seme-alaba asko izango duzu, zeure kimuak landako belarra bezain ugari. |
|
| 26 |
|
| Sasoi bikaina izango duzu hilobia arte, gari-balak uztaroan bezala. |
|
| 27 |
|
| Sakon aztertu dugu eta horrela da hau dena; entzun eta hartu gogoan zeure onerako». |
|
|
|
|