|
| 1 |
|
| Bedeinka beza ene arimak Jauna! Jauna, ene Jainko, bai handia zarela! Distiraz eta handitasunez zaude jantzia, |
|
| 2 |
|
| argiz inguratua soinekoz bezala. Oihal-etxola bezala zabaltzen duzu zerua, |
|
| 3 |
|
| zeure goi-geletan pilatzen ura; hodei gainean kokatzen duzu zeure karroza, haize-hegaletan zabiltza. |
|
| 4 |
|
| Haizeak dituzu mezulari, sugarrak zerbitzari. |
|
| 5 |
|
| Lurra sendo oinarritu zenuen eta ez du sekula kolokarik egingo. |
|
| 6 |
|
| Ozeanoz estali zenuen, jantziz bezala, eta mendiak azpian hartu zituzten urek; |
|
| 7 |
|
| baina zure mehatxuz ihes egin zuten, zure trumoi-hotsak uxaturik: |
|
| 8 |
|
| mendietan gora, ibarretan behera, zuk izendaturiko lekuraino. |
|
| 9 |
|
| Gainditu ezineko muga ezarri diezu urei, berriro lurra estal ez dezaten. |
|
| 10 |
|
| Iturburuak eta errekak sorrarazten dituzu, mendi artean doazela, |
|
| 11 |
|
| basapiztiek edan dezaten, basastoek egarria ase. |
|
| 12 |
|
| Ur-bazterretan bizi dira zeruko txoriak, hostopean kantari. |
|
| 13 |
|
| Bere goi-geletatik ditu mendiak ureztatzen, bere biltegietako emaitzez lurra asetzen. |
|
| 14 |
|
| Abereentzat belarra ernearazten du, lanerako animalientzat bazka. Lurretik laborea ateratzen du |
|
| 15 |
|
| eta gizakiaren bihotza alaitzen duen ardoa, aurpegia distiratsu egiten duen olioa eta giza indarrak berritzen dituen ogia. |
|
| 16 |
|
| Urez ase dira Jaunaren zuhaitzak, hark landaturiko Libanoko zedroak; |
|
| 17 |
|
| bertan egiten dute txoriek habia, ipuruetan zikoinak etxea. |
|
| 18 |
|
| Mendi garaiak ahuntzentzat dira, harkaitzak azkonarren gordeleku. |
|
| 19 |
|
| Ilargiak urtaroak finkatzen ditu, eguzkiak badaki noiz ezkutatu. |
|
| 20 |
|
| Iluna zabaltzean, badator gaua: basapiztia denak harat-honat dabiltza. |
|
| 21 |
|
| Lehoikumeek orro dagite harrapakin bila, Jainkoari janari eske. |
|
| 22 |
|
| Eguzkia irtetean, haiek barrura, beren gordelekuetan etzatera. |
|
| 23 |
|
| Orduan, gizakia bere eginkizunetara doa, arratsa arte lanera. |
|
| 24 |
|
| Bai ugariak, Jauna, zuk eginak! Denak jakinduriaz egin dituzu, zure sorkariz betea da lurra. |
|
| 25 |
|
| Horra itsasoa, handi eta zabal: hor dabiltza borbor, ezin konta ahala, piztia txiki eta handiak. |
|
| 26 |
|
| Hor dabiltza ontziak batetik bestera, baita itsas munstroa ere, zuk berarekin jolasteko egina. |
|
| 27 |
|
| Denak zure zain daude, zuk bere garaian jaten emateko zain: |
|
| 28 |
|
| zuk eman eta haiek harrapatu, zuk eskua zabaldu eta haiek ondasunez ase. |
|
| 29 |
|
| Zuk aurpegia gordetzean, ikara dira, zuk arnasa kentzean, hil egiten eta hauts bihurtzen. |
|
| 30 |
|
| Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu eta lurbira berritzen. |
|
| 31 |
|
| Betiko izan bedi Jaunaren ospea! Poz bedi Jauna berak eginekin! |
|
| 32 |
|
| Hark lurrari begiratu eta lurrak dardara, hark mendiak ukitu eta ketan jartzen dira. |
|
| 33 |
|
| Bizi naizen artean kantatuko diot Jaunari, naizen artean soinua joko neure Jainkoari. |
|
| 34 |
|
| Atsegin bekio nire kanta: Jaunarengan nik neure poza! |
|
| 35 |
|
| Gal bitez bekatariak munduan, ez bedi izan gaizkilerik gehiago! Bedeinka beza ene arimak Jauna! Aleluia! Gora Jauna! |
|
|
|
|