Moisesek lehengoak bezalako bi harlauza ebaki zituen. Eta biharamunean, goizean goiz, harlauza biak harturik, Sinai mendira igo zen, Jaunak agindu bezala.
Mila belaunalditaraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errebeldia eta bekatua barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria seme-alabengan eta seme-alaben seme-alabengan zigortzen duena, hirugarren eta laugarren belaunaldiraino».
eta esan zuen: «Jauna, gogoko banauzu, zatoz gurekin, arren! Herri hau burugogorra da, bai; baina zuk barkatu gure gaiztakeria eta bekatua, eta har gaitzazu zeure ondaretzat».
Jaunak esan zuen: «Begira, ituna egingo dut orain zure herri osoarekin. Lurreko inongo herritan gertatu ez diren bezalako gauza harrigarriak egingo ditut, eta inguruan duzun herri osoak ikusiko du Jaunak egin dezakeena, izugarria baita zure bitartez egingo dudana.
Bestela, zuek lurralde hartako biztanleekin hitzarmena egingo bazenute, haiek, beren sasikultuak egitean eta beren jainkoei opariak eskaintzean, zuek ere gonbidatuko zintuzketete eta haien oparietatik jango zenukete;
edota zeuen semeak haien alabekin ezkonduko zenituzkete, eta hauek, beren jainkoen ohorez kultua egitean, zuen semeak ere sasikultura erakarriko lituzkete.
«Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia: nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue, Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik.
Lehen-astakumea arkume edo antxumearekin trukatuko duzue; trukatzen ez baduzue, hil egingo duzue, lepoa hautsiz. Zuen lehen-semeak oro berreskuratu egingo dituzue, ordezko eskaintza eginez. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik agertuko.
«Zuen aurretik bota egingo ditut atzerritarrak, eta zuen lurraldea hedatuko. Horrezkero, ez du inork zuen lurraldeaz jabetzeko irrikarik izango, zeuen Jainko Jaunaren aurrean urtean hiru aldiz aurkeztuko zaretenean.
Berrogei egun eta berrogei gau egon zen Moises mendian Jaunarekin. Ez zuen ezer jan, ez edan. Han idatzi zituen harlauzetan itunaren xedapenak, hamar aginduak.
Ondoren, Moises Sinai menditik jaitsi zen, legearen bi harlauzak eskuan zeramatzala. Ez zekien aurpegia distiratsu zuenik, Jaunarekin mintzatu izanagatik.