Jaunak erantzun zion: —Orain ikusiko duzu faraoiari egingo diodana: indarrez beharturik, utziko dizue joaten; are gehiago, berak ateraraziko zaituzte lurralde honetatik.
Horregatik, esan israeldarrei: Neu naiz Jauna! Neuk askatuko zaituztet Egiptoarrek ezarri dizueten lan astun eta esklabotzatik eta ahalmen handiz eta eskubide osoz berreskuratuko.
Neure herritzat hartuko zaituztet eta zeuen Jainko izango nauzue; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen Jainkoa, Egiptoko lan astunetatik aterako zaituztena.
Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni, israeldarrak Egiptotik ateratzeko mandatua emanez, eta aginduak eman zizkien israeldarrentzat eta Egiptoko errege faraoiarentzat.
Hona hemen israeldarren arbasoen familiaburuak: Israelen lehen-seme Rubenen semeak Henok, Palu, Hetzron eta Karmi izan ziren. Hauek dira Rubenen jatorriko familiak.
Aaronen seme Eleazar Putielen alabetariko batekin ezkondu zen. Honek Pinhas sortu zion. Hauek guztiak lebitar familiaburuak dira beren jatorriko familiekin.