Ez bedi zure ahoa zalapartaka mintza, zure bihotzak ere ez dezala bizkor hitz egin Jaunaren aurrean; zeruan baita Jainkoa eta zu lurrean. Ez egin, bada, hitz asko.
Ez utzi zeure ahoari bekatu eginarazten, ez esan gero Jainkoari ohartu gabe egin duzula. Ea haserretzen zaizun Jainkoa zeure hitzengatik eta zeure lanak oro desegiten dizkizun!
Herrian behartsuak zapaltzen dituztela, gogorki epaitzen eta zuzenbidea desegiten dutela ikusten baduzu, ez harritu horregatik. Handikiak, beste handikiago bat du babesle, eta biok, goitiago daudenak dituzte babesle.
Ikusi dudanez, hauxe dute gizon-emakumeek hoberena: eguzkipean egiten duten lanetik jan, edan eta alai gozatu, Jainkoak eman bizitzako egunetan zehar; horixe dute beren zoria.
Aberastasunak eta ondasunak eman dizkion gizaki orori, berorietatik jateko, dagokion zatia hartzeko eta lanaz pozteko eskubidea ere eman dio Jainkoak; Jainkoaren dohaina da hori.