Gizon-emakumeak ezin izan beren bizi-arnasaren jabe; ezin egin ihes heriotza-egunari, ezin alde egin borrokaldi honetatik. Gaiztakeriak ez du salbatuko gaiztoa.
Era berean, ikusia dut nola lurperatu dituzten gaiztoak; toki santutik urruti bizi izan ziren; hala ere, hirian ahaztu egin zuten haien jokabidea. Hau ere zentzugabekeria!
Lurrean, ordea, beste zentzugabekeria hau gertatu ohi da: zenbait gizaki zuzenek gaizkileei dagokien zoria dute, eta zenbait gizaki gaiztok ongileei dagokiena. Nire ustez, hau guztiz zentzugabekoa da.
Gora, bada, alaitasuna! Ez baitu gizakiak eguzkipean beste onik, jan, edan eta gozatzea baizik. Horixe bakarrik atera dezake bere eginahaletik, Jainkoak mundu honetan bizitzeko eman dizkion egunetan.
Baina, ikusi dudanez, Jainkoak eguzkipean ari dituen egintza guztietarik bat ere ezin dute gizon-emakumeek garbi ulertu. Zenbat eta gehiago saiatu egintza horien arrazoi bila, hainbat eta nekezago aurkituko dute. Jakintsuak berak, badakiela esanik ere, ez du ulertzen.