Bai, erruki izango die Jaunak Jakoben ondorengoei: bere aukeratua izango du oraindik Israel eta beren lurraldean ezarriko ditu berriro. Atzerritarrak haiengana bilduko dira eta bat egingo dute Jakoben herriarekin.
Herri askok lagunduko die, beren lurralderaino eramanez; baina israeldarrak haien jabe egingo dira Jaunaren lurraldean, morroi eta neskametzat hartuz. Lehen gatibu eduki zutenak gatibu hartuko ditu Israelek eta lehengo zapaltzaileak menderatuko.
Egonezinik dago han behean Hildakoen Egoitza, zuri harrera egiteko zain. Zu zarela-eta esnatu egin ditu hildakoen espirituak, lurreko handiki guztien arimak; beren tronuekin jaikiarazten ditu herrietako errege guztiak.
Honela zenioen zeurekiko: “Zeruraino igoko naiz; izarrik garaienak baino gorago jarriko dut tronua; iparraldeko azken mugan eseriko naiz, jainkoak biltzen diren mendian;
Ikusten zaituztenak begira-begira gelditzen zaizkizu; ezin dute sinetsi zuri gertatua: “Hau al da mundua dardaraz eta herrialdeak beldur-ikaraz jartzen zituena?
zu, ordea, hobiratu gabe bota zaituzte, gauza nazkagarriaren pare; leizeko harri artera bota dituztenekin zaude, ezpataz hildakoen gorpuen artean, hankapean zapaltzen den gorpuaren pare.
Ez duzu, hil eta gero, beste erregeen zoria izango, zeure lurraldea hondatu baituzu eta zeure herriko jendea hil. Zure, gaizkile horren, ondorengotzak ez du luzaroan iraungo.
Presta zaitezte, bada, haren seme-alabak hiltzeko; gurasoek egindako gaiztakeriengatik behar dute hil, sekula berriz altxa eta lurraldeaz jabe ez daitezen, mundua berriro hiriz bete ez dezaten».
Nire herriko gizagaixoenek ere izango dute non bazkatu, behartsuek lasai hartuko dute atseden; filistearrak, ordea, goseak hilaraziko ditut, bat bakarrik ere ez da bizirik geldituko.
Egin aiene eta garrasi, Filisteako hiriok! Ikaratu, lurralde osoa! Hor baitator iparraldetik gudarostea, ke-laino trinko baten antzera, inortxo ere bere lerrotik okertzen ez dela.