Hau diotsote Judako herriari: “Esaguzue zer egin, hartu zeuen gain gure defentsa. Itzalpetu eguerdi betea eta egizue gauaren antzeko, erbesteratuak gordetzeko, ihesi doazenak aurki ez ditzaten.
Utziezue Moabeko erbesteratuei zuenean bizitzen. Babes itzazue hondatzaileagandik ”». Zapalkuntza amaitu, hondamendia igaro eta zapaltzailea lurraldetik joango denean,
Jainkoak maitasunean finkatuko du errege-tronua, eta Daviden ondorengoa eseriko da bertan: epaile leial izango da, justiziazale, zuzenbidea egiteko gogotsu.
Horregatik, beren herriarengatik aiene egingo dute moabdarrek, aiene guztiek; intziri egingo dute, atsekabearen atsekabez, Kir-Hareseteko mahats-opilez oroituz.
Izan ere, zimelduak daude Hexbongo landak, Sibmako mahastiak. Hango ardoak nazioetako erregeak zorabiatzen zituen. Jazer-eraino iristen ziren aihenak, basamorturaino hedatzen, Itsaso Hileraino luzatzen.
Horregatik, Sibmako mahastiari negarrez ari natzaio, Jazerrekin batera; negar-malkoz bustiko zaituztet, Hexbon eta Elale, mahats-biltze eta uztako poz-irrintziak galdu baitira zuenean.
Joan dira soroetatik poza eta alaitasuna; mahastietan ez da gehiago oihu eta kantarik; dolareetan ez da gehiago mahatsik estutzen. Kito poz-irrintziak!
Hona zer dioen orain: «Hiru urte barru juxtu, Moabeko handikiak eta haren jendetza ugaria guztiz eskas bihurtuko dira: talde txiki eta indargabe bat besterik ez da bizirik geldituko».