Lotsa zaitez orain, Sidon, itsas gotorleku! Itsasoa honela mintzo baitzaizu: «Ni ez naiz sekula erdiminetan egon, ez dut umerik izan, ez seme-alabarik hazi ere».
Nork erabaki du, beraz, Tiroren hondamendia? Erreinu berriak sortu zituen; haren merkatariak printzeak ziren, haren salerosleak mundu guztian aintzat hartuak.
Eta Sidoni esan dio: «Akabo zure jolasak, Sidon hiriburu! Neskatxa bortxatuaren pareko egin zaituzte. Zipreraino ihesi bazoaz ere, ez duzu atsedenik izango».
Begira Babiloniari: galdua da herria. Basapiztien menpe utzi du Asiriak; eraso-dorreak altxaturik, jauregiak desegin dizkio eta lurraldea hondakin-pila bihurtu.
Orduan, Tiro ahaztua geldituko da hirurogeita hamar urtez, errege baten bizialdian, alegia. Urte horiek igaro ondoren, harako emagalduaren kantak dioena gertatuko zaio Tirori:
Hirurogeita hamar urteon buruan, Jaunak berriro hartuko du Tiroren ardura, eta honek bere lehengo irabazpidera joko du, eta munduko erresuma guztiekin harremanak berrituko, emagaldu gisa.
Baina haren merkataritza-irabaziak Jaunari sagaratuak izango dira; ez dira gordeko, ez pilatuko, baizik eta Jaunaren zerbitzarientzat izango dira, nahikoa jan eta dotore jantzi daitezen.