Ai zu, inork hondatu gabeko hondatzaile hori, inork traizionatu gabeko traidore hori! Besteak hondatzeari utziko diozunean, zeu ere hondatuko zaituzte; traizionatzeari utziko diozunean, zeu ere traizionatuko zaituzte.
Ikara izango dute Sionen bekatariek, dardarak hartuko ditu sinesgabeak, eta esango dute: «Jaunaren epaia itzalezineko labea da: gutarik nork jasan lezake haren su kiskalgarria?»
Zuzen jokatzen eta egia esaten duenak, bidegabekeriazko irabazirik onartzen ez eta eskupeko dirurik jasotzen ez duenak, hilketa-proposamenei jaramonik egiten ez eta txarkeria begi onez ikusten ez duenak.
Begira Sioni, geure jaiak ospatzen dituguneko hiriari. Ikus Jerusalem, bizitoki lasaia, egoitza finkoa, inork ziririk aterako ez dion eta sokarik etengo ez dion oihal-etxolaren pareko.
Hor agertuko digu Jaunak bere ospe handia. Ibai eta ubide zabaleko lurraldea izango da; baina etsaien arraun-txaluparik ez da handik igaroko, ez ontzi handirik bertan ibiliko.
[22-23] Ontzien sokak lasaituak daude, ezin diote mastari eutsi, eta belarik zabaldu ezin. Orduan, harrapakinak banatuko ditugu; hain ugari banatu ere, ezen herrenak ere izango baitu partea. Izan ere, Jauna dugu epaile eta legegile. Jauna dugu errege: berak salbatuko gaitu.