Jaunak dio: «Entzun niri, Jaun honi, zuzenbidearen atzetik lehiatzen eta nire bila zabiltzatenok. Begira zein harkaitzetan ebakiak, nongo harrobitik ateratakoak zareten:
Bai, Jaunak Sion kontsolatzen du, hondatua dagoen hiriari poz ematen. Herrialde erraustua Edengo baratze bihurtuko du, eremua Jaunaren paradisu. Zoriona eta alaitasuna izango dira, gorespena eta kantu-hotsa.
Hurbil da nire garaipena, badator nire salbamena goiz-argia bezala; aginpidez gobernatuko ditut nazioak. Urrutiko herriak nire zain egongo dira, nire aginpidean izango dute itxaropen.
Jaso begiak zerura, begira behera, lurrera: kea bezala desagertuko da zerua, jantzia bezala gastatuko lurra eta eltxoak bezala hilko bertako bizilagunak. Baina nire salbamenak beti iraungo du, nire garaipenak ez du azkenik izango.
Esna zaitez, esnatu, Jaun ahaltsu hori, jantzi zaitez indarrez! Esnatu, aspaldi bezala, antzinako garaietan bezala! Ez al zenuen zuk itsas munstroa txikitu eta herensugea sarraskitu?
Halaxe itzuliko dira Jaunak libratuak, poz-oihuka etorriko dira Sionera: amaigabeko alaitasuna haien aurpegian! Zoriona eta alaitasuna izango dituzte lagun; nahigabeak eta negarra kito!
Ahaztu egiten zara Jaunaz, zeure egileaz, zerua hedatu eta lurra oinarritu zuenaz, eta ikara zara egun osoan, etengabe, zu suntsitu nahian suturik dabilen zapaltzailearen aurrean! Non da, bada, zapaltzailearen sumina?
Neuk hedatu dut zerua eta oinarritu lurra, eta Sioni esaten diot: Zu nire herria! Neure mezuaren bozeramaile egin zaitut, eta neure eskupean babestu ».
Hor daude zure seme-alabak, kaleburu guztietan etzanik, ezinaren ezinez, sarean harrapaturiko antilopeak bailiran, Jaunaren suminak, zure Jainkoaren zigorrak jota.
entzun zer diotsun Jaunak, zeure Jainkoak, bere herria defendatzen duenak: «Eskutik kenduko dizut zorabiozko kopa; ez duzu gehiago nire zigor-edari samina edango.
Zure borreroei emango diet, zuri esaten zizutenei: “Etzan lurrean, gainetik igaro gaitezen!” Eta bizkarra eskaini behar izan zenien, zoru eta kale gisa, gainetik igaro zitezen».