Egin poz-oihu, Jerusalem, emakume agor eta haur gabe horrek! Ekin kantari pozaren pozez, erdiminik izan ez duzun horrek! Jaunak baitio: «Bakarrik utziaren seme-alabak gehiago izango dira senardunarenak baino».
Ez beldurtu, ez zara barregarri geldituko; ez lotsatu, ez zaituzte laidotuko. Ahaztu egingo duzu gaztetako lotsaizuna, ez zara oroituko alargun zineneko laidoaz,
egin zintuenak emaztetzat hartuko baitzaitu: Jaun ahalguztiduna, horixe du izena. Israelen Jainko santua da zure askatzailea: lur osoaren Jainkoa deritza.
Haserrealdi batean, unetxo batez aurpegia ezkutatu nizun, baina etengabe maite zaitudalako gupidatu naiz zutaz. Hala diot nik, Jaunak, zure askatzaileak.
Noeren uholdekoan bezala gertatzen zait: zin egin nuen orduan ez zela berriro uholderik izango munduan, eta halaxe egiten dut zin orain ez naizela zurekin berriro haserretuko, ez dizudala gehiago mehatxurik egingo.
Mendiak beren lekutik aldenduko eta muinoak koloka jarriko balira ere, nire maitasuna ez da zuregandik aldenduko, zure zorionaren aldeko nire konpromisoak ez du kolokarik egingo. Hala diot nik, barru-barrutik maite zaituen Jaunak».
Oi Jerusalem, zoritxarreko hiri, ekaitzak astindua, inork kontsolatu gabea! Jaspezko oinarri gainean eraikiko zaitut, zafirozko zimendu gainean ezarriko.
Nik egin dut artisaua, txingarrari haize emanez helburu ezberdinetarako tresnak egiten dituena; eta nik egin dut suntsitzailea, hondaketa helburu duena.
Baina zure kontra egindako arma, huts gertatuko da; auzitan salatuko zaituena erruduntzat utziko duzu. Hauxe da Jaunaren zerbitzarien senipartea, nik ematen diedan garaipena. Nik, Jaunak, esana.