Baina zu zara Israelen itxarobidea, larrialdietan salbatzen gaituena. Zergatik duzu arrotzen portaera gure artean, gau baterako baizik gelditzen ez den bidaiariarena?
Zergatik zabiltza ezkutuka gizon izutuaren antzera, garaipena lortzeko gauza ez den gudaria bezala? Baina ez, zu gure artean zaitugu, Jauna! Zuretzat sagaraturiko herri gara: ez gaitzazula utz zapuzturik!»
Honela dio Jaunak herri honi buruz: «Maite du honek harat-honat ibiltzea, ez ditu oinak lotzen. Ez dut gogoko. Gogora dakart honen jokaera gaiztoa, eta zigortu egingo dut bere bekatuengatik».
Barau egiten badute ere, ez dut entzungo horien deiadarrik. Erre-opariak eta labore-opariak eskaintzen badituzte ere, ez ditut onartuko, baizik eta gerraz, gosez eta izurriz joko ditut».
Erantzun nion: «Ai ene, Jainko Jauna! Baina ez duela ez gerrarik, ez goserik izango ari zaizkio esaten profetak, eta toki honetan egiazko bakea emango diozula».
Eta Jaunak erantzun zidan: «Nire izenean gezurra ari dira esaten profetak. Ez dira nik bidaliak; ez diet ezer agindu, ez hitz egin ere. Gezurrezko ikuskari, iragarpen zoro, beraien burutazio huts dira profeta horiek iragartzen dituztenak.
Horregatik, hara nik, Jaunak, esan: Nik bidali gabe nire izenean mintzo diren eta herrialde honetan gerrarik eta goserik ez dela izango esaten ari diren profetak, gerraz eta goseak hilko dira.
Eta horien hitza entzun duen jendea Jerusalemgo kaleetan eroriko da hilotzik gerraren eta gosearen ondorioz, eta ez da izango beroriei, ez berorien emazte eta seme-alabei lurra emango dienik. Horrela ordainduko diet beren gaiztakeria».
Hitz hauek herriari esateko agindu zidan Jaunak: «Urtzen ari zaizkit begiak negarrez, gau eta egun atergabe; nire herria, neskatxa ederra, izugarrizko ezbeharrak jo baitu, eta hilzorian utzi.
Landara irten, eta ezpataz hildakoak edonon; hirira sartu, eta jendea goseak hiltzen. Apaizak eta profetak batetik bestera dabiltza, ezer ulertu ezinik.
«Jauna, erabat utzi al duzu Juda? Nazkatu egin al zara Sion hiriaz? Zergatik jo gaituzu sendaezineko gaitzaz? Bakearen zain geunden, baina ez dugu onik. Osasunaldia espero genuen, baina beldur-ikara dugu gainean.
Zeu zarena zarelako, ez gaitzazu utz, ez mespretxatu zeure herria, bere errege ospetsu zaituena. Gogora ezazu gurekin egina duzun ituna, ez hautsi, mesedez.
Jentilen idoloek ezin dute euririk eman, ezta zeruek ere berenez hodei-zaparradarik sortu. Zuk egiten dituzu horiek guztiak! Ez al zaitugu, bada, zu, Jauna, geure Jainkoa? Zu zaitugu geure itxaropen!»