«Israeldarrok, ez ote nuke egin behar zuekin eltzegileak egiten duen gauza bera? Begira! Nola buztina eltzegilearen eskuetan, hala zarete zuek nire eskuetan. Hala diot nik, Jaunak.
«Zoaz, bada, orain, eta esan Judako jendeari eta Jerusalemgo bizilagunei, nik, Jaunak, pentsatua dudala haiek zigortzea eta prest nagoela nire egitasmoa betetzeko. Erregutu beren jokaera okerra utz dezaten, beren ohitura eta egintzak onbidera ditzaten.
Bada, nire herria ahaztu egin da nitaz, intsentsua erretzen die sasijainkoei. Desbideratu egin da antzinako bidetik, sekula ibili gabeko bideetan ibiltzeko.
Zenbaitzuk zioten: «Pentsa dezagun Jeremias nola galdu. Ez zaigu faltako apaizik Jainkoaren legea irakasteko, ez jakintsurik aholku onak emateko, ez profetarik Jainkoaren mezua iragartzeko. Belztu dezagun horren izena, ez entzunarena egin diezaiogun horren esanari».
Ongia gaizkiaz ordaintzen ote da? Hilobia zulatu dute niretzat! Izan gogoan, Jauna, nola egon nintzen zure aurrean berorien alde erreguka, zure haserrea beroriengandik aldendu nahian.
Baina orain, hil itzazu goseak horien seme-alabak, garbitu ezpataz; geldi bitez emazteak seme-alabarik gabe eta alargun; hil bitza izurriak gizonak, eta guduak gazteak!
Ongi ezagutzen dituzu, Jauna, ni hiltzeko dituzten egitasmoak. Ez barkatu horien gaiztakeria, ez kendu zeure begi-bistatik horien bekatua! Bota itzazu lurrera zeure aurrean, ekin horien aurka zeure haserre-egunean!»