Izan ere, israeldarrek bazterrera utzi naute eta toki honen izaera itxuragabetu: intsentsua erre diete bertan, ez berek, ez beren gurasoek, ez Judako erregeek ezagutzen ez zituzten jainkoei, eta jende errugabearen odolez bete dute.
Suntsitu egingo ditut bertan Judaren eta Jerusalemen egitasmoak. Etsaien ezpataz, beraiek galdu nahian dabiltzanen eskuz, hilko ditut, eta haien gorpuak hegazti harraparien eta basapiztien janari izango dira.
eta esango diezu: Honela dio Jaun ahalguztidunak: Apurtu egingo ditut herri hau eta hiri hau, buztinezko pitxerra bezala; apurtu, gehiago konpontzerik ez duen buztin-ontzia bezala. Tofeten lur eman beharko diete hilei, beste inon tokirik ez eta.
Jerusalemgo etxeak eta Judako erregeen jauregiak —hau da, etxe gainetan ortziko astroei intsentsua erretzen eta jainko arrotzei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxe guztiak— kutsatutzat hartuko dira Tofet bezala».
«Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Bidali egingo dut hiri honen eta inguruko herri guztien gainera adierazi dudan ezbeharra, burugogor jarri baitira bertako bizilagunak, nik esana aditzeari uko eginez».