Garai hartan, Jerusalem setiatzen ari zen Babiloniako erregearen gudarostea; Jeremias profeta atxilotua zegoen Judako erregearen jauregiko kartzela-atarian.
Sedekias erregeak giltzapean sartua zuen, hark iragarritako mezu hau zela eta: «Hau dio Jaunak: Jerusalem Babiloniako erregearen esku utziko dut eta honek konkistatu egingo du.
Judako errege Sedekias bera ere ez da libratuko babiloniarren eskuetatik, hauen erregearen esku geldituko da: harekin aurrez aurre topo egin beharko du.
Babiloniara eramango du Sedekias eta hantxe gelditu beharko du nik haren alde esku hartu arte. Babiloniarren aurka borrokan jarraitzen baduzue, ez duzue ezer onik aterako. Nik, Jaunak, esana».
Jaunak iragarri bezala, Hanamel etorri zitzaidan presondegiko atarira, eta esan zidan: «Eros iezadazu Anatoten, Benjaminen lurraldean, daukadan alorra; zurea da erosteko eskubidea, ahaiderik hurbilekoena zaitudanez». Garbi jakin nuen orduan Jaunak hitz egin zidala.
neure lehengusu Hanamelen aurrean eta agiria izenpetu zuten lekukoen eta kartzela-atarian suertatu ziren judatarren aurrean, Neriasen seme eta Mahseiasen biloba Baruki eman nizkion.
Mila belaunalditaraino agertzen duzu zeure onginahia, baina seme-alabei jasanarazten dizkiezu gurasoen gaiztakeriaren ondorenak. Jainko handi eta indartsua zara, “Jaun ahalguztiduna” zure izena.
Egitasmo handiak dituzu eta huts egin gabe burutzen. Gizakien jokabide guztiak begi-bistan dituzu, nori bere jokaeraren ordaina, bere egiteen merezia, emateko.
Gure herria Egipton egon zenetik gaur arte, mirariak eta egintza harrigarriak burutu dituzu, eta izen ospetsua zeureganatu bai Israelen, bai gizaki guztien artean.
Baina jabe izateko bertara sartu zirenean, ez ziren zure esaneko izan, ez zituzten zure legeak bete, ez zuten zuk aginduaren arabera jokatu. Horregatik bidali diezu zoritxar handi hau.
«Begira, babiloniarrek eginak dituzte erasorako bideak, eta laster eroriko da Jerusalem erasotzaileen esku, gerrak, goseak eta izurriak beharturik. Iragarri zenuena ari da gertatzen, eta zu hor begira!
Bertan sartuko dira erasotzen ari zaizkion babiloniarrak eta su emango diote; suak hiria irentsiko du eta hiriarekin batera etxeak, ni iraintzeko etxe gainetan Baali intsentsua erre eta atzerriko jainkoei isur-opariak eskaintzen zizkieten etxeak.
Izan ere, israeldarrek eta judatarrek, nik gaitzesten dudana egiten jardun dute gaztetandik; israeldarrek iraindu besterik ez naute egin berek eginiko idoloekin. Hala diot nik, Jaunak.
israeldarrek eta judatarrek egin dituzten gaiztakeria guztiengatik: iraindu egin naute israeldarrek, beren errege eta buruzagiek, apaiz eta profetek, Judako eta Jerusalemgo bizilagun guztiek.
Baali kultu-lekua eraiki diote Ben-Hinom haranean, beren seme-alabak Molok jainkoaren ohorez oparitan erretzeko. Nik ez diet horrelakorik sekula agindu, ez zait bururatu ere egin horrelako egintza nazkagarriz Juda bekatura bultzatzerik.
«Bada, orain, hala diot nik, Jaunak, Israelgo Jainkoak, guduak, goseak eta izurriak beharturik, Babiloniako erregearen eskuetan erori behar duela diozuen hiri honi buruz:
Bildu egingo ditut herritarrak, neure haserre-suminak eta amorru jasanezinak eraginik sakabanatu nituen herrialdeetatik, toki honetara ekarri eta seguru biziaraziko ditut.
Betiko ituna egingo dut beraiekin: ez naiz inoiz aspertuko haiei on egiten, eta nireganako begirunea sartuko diet bihotzean, niregandik urrun ez daitezen.
Benjaminen herrialdean, Jerusalemgo inguruetan eta Judako hirietan, mendialdeko, Xefela lautadako eta Negeveko hirietan, alorrak erosi eta ordainduko dira, lekukoen aurrean agiriak idatzi eta zigiluz joko, aldatu egingo baitut herri honen zoria. Nik, Jaunak, esana».