Egiptoarrentzat emandako mezua Egiptoko errege Neko faraoiaren gudarosteari buruzkoa da. Egiptoar gudarostea, Eufrates ibai ondoko Karkemix hirira iritsi zelarik, Babiloniako errege Nabukodonosorrek porrokatu egin zuen, Josiasen seme eta Judako errege Joiakimen laugarren urtean.
«Baina, zer ikusten dut? Lur jota daude, atzera dagite! Gudari ausartak birrinduta, ihesi doaz zalapartaka, atzera begiratu gabe. Izu-ikara edonon! Hala diot nik, Jaunak.
Egipto da: Nilo bezala handitzen da, ibai oldartsuen antzera harrotzen. Honela dio bere baitan: “Handitu egingo naiz, lurra urperatu eta hiriak eta hiritarrak hondatuko”.
Jaun ahalguztidunak espero zuen mendeku-eguna da, etsaien lepotik mendekatzeko eguna. Ezpatak ase arte jango du haien haragia, mozkortu arte edango haien odola. A zer nolako opari-otordua Jaun ahalguztidunarentzat, iparraldean, Eufrates ondoan!
Ala ni bizi, “Jaun ahalguztidun” izena dudan hau! Nik, errege honek, hau diot: Mendi artean tinko dagoen Tabor bezala, itsasertzean irmo dagoen Karmel mendia bezala, halaxe etorriko da etsaia!
Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: «Zigorra damaiet Tebasko Amon jainkoari, Egiptori eta bertako jainko eta printzeei, faraoiari eta beronengan fidatu direnei.
Hil nahi dituztenen esku utziko ditut: Babiloniako errege Nabukodonosorren eta beronen gudarien esku. Ondoren, ordea, jendez beteko da lehengo denboretan bezala. Nik, Jaunak, esana.
«Zu, Jakoben herri, ez izan beldur! Ez izutu, Israel, ene zerbitzari hori! Neuk aterako zaitut bizi zaren urrutiko erbestetik, zeure seme-alabekin batera. Itzuliko zara eta lasai biziko, seguru egongo, inolako kezkarik gabe.
Ez izan beldur, Jakoben herri, zeurekin izango bainauzu! Hala diot nik, Jaunak. Sakabanatu zaitudaneko nazioak suntsitu egingo ditut; zu, ordea, ez zaitut suntsituko; baina bai zentzaraziko merezi duzun neurrian: ez zaitut utziko zigorrik gabe».