Moabentzat, mezu hau eman du Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: «Zoritxar handia Neborentzat: suntsitua da hiria! Kiriataim porrokatua eta konkistatua! Porrokatua eta desegina gotorlekua:
akabo Moaben harrotasun zena! Hexbonen prestatu dituzte Moab galtzeko bideak: “Suntsi dezagun nazioa!”, zioten. Zu ere bai, Madmen, mutu gelditu zara: gainean duzu ezpata.
Gazte-denboratik lasai bizi izan da Moab, ez du erbesterik ezagutu. Jalkitzen egondako ardoak bezala, ontzitik ontzira aldatu gabeko ardoak bezala, ez du galdu bere gozoa, ez zaio joan bere usain ona.
Ez zenion, bada, zuk barre egin Israeli, lapurretan harrapatutako bati bezala? Ez zinen, bada, buru-eraginka jarduten, hartaz hitz egiten zenuen bakoitzean?
Jazergatik egin nuen baino negar gehiago dagit zuregatik, Sibmako mahasti horrengatik. Zure aihenak Itsaso Gorriraino luzatzen ziren, Jazereraino iristen: zure gain ere oldartu da suntsitzailea, uzta eta mahats-bilketa hondatuz.
Hexbongo deiadarrak Elale eta Jahatzeraino iristen dira; garrasiak entzuten Tzoartik Horonaimeraino, Eglat-Xelixiaraino, Nimrimgo urak ere agortu egin baitira.
izuaren erasotik ihes egin dezana zuloan jausiko da; zulotik ihes egin dezana zepoan harrapatua geldituko. Zigorra bidaliko diot Moabi kontuak hartzeko egunean. Hala diot nik, Jaunak.
«Ihesi doazenak, akiturik, Hexbonen babesean gelditu dira; baina sua jalgitzen da Hexbondik, sugarrak zabaltzen Sihon erregearen jauregitik, guztia kiskaliz: Moabeko haranak eta goi-lautada.