Jaunaren mezua amondarrentzat: «Ez ote Israelek seme-alabarik? Ez ote oinordekorik? Nola jabetu dira, bada, Gaden lurraldeaz amondarrak, Milkom jainkoaren gurtzaileak? Nola bizi dira horiek israeldarren hirietan?
Hala diot nik, Jaunak: Badator garaia, amondarren Raba hiriburuan guda-irrintzia entzungo dena. Hiriburua hondakin-pila bihurtuko da, haren menpeko hiriak erre egingo. Israel berriro jabetuko da kendu zioten lurraldeaz. Hala diot nik, Jaunak.
«Egin intziri, Hexbongo bizilagunok: Suntsitua dago Ai hiria! Egin garrasi, Raba inguruko hiriok! Hartu dolu-jantzia, jo hiletak, harresi inguruan harat-honat ibiliz! Milkom jainkoa erbestera doa, bere apaiz eta buruzagiekin.
Izu-ikara bidaliko dizut, bada, alde guztietatik. Nork bere aldetik emango dio ihesari, eta inor ez sakabanatuak biltzeko. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
Mahats-biltzaileek, zuen mahastira datozelarik, gutxienez hondarrak uzten dituzte; lapurrek, gauez zuenean sartuz gero, nahi dutena besterik ez dute eramaten.
Nik, ordea, erabat larrutuko ditut Esauren ondorengoak; agerian jarriko ditut haien gordelekuak, ez dute izango non ezkutaturik. Haien seme-alabak eta auzoko herrietakoak suntsitu egingo dituzte. Ez da inor geratuko hau esateko:
Honela dio Jaunak: «Israelek berak ere, zigor-kopatik edan behar izan zuen, bidezko ez izan arren; eta zuk, Edom, zigorretik aske geldituko zarela uste al duzu? Ez horixe! Edan beharko duzu zuk ere zigor-kopatik.
Neure buruarengatik dagit zin: Botzra hiria hondamen eta eremu, madarikazio eta iseka-gai bihurtuko da, haren menpeko hiriak hondakin betiereko. Nik, Jaunak, esana».
Jendeak beldurra zizun, handiustea zenuen zeure baitan: horrek engainatu zaitu. Harkaitz artean bizi zara, bai, mendi-tontorrei itsatsia; baina, arranoak bezala, zeure habia goi-goian egingo bazenu ere, bota egingo zintuzket handik.
«Nola lehoia Jordango sastraka artetik atera eta ardiz beteriko larre-tokietara oldartzen den, halaxe botako ditut edomdarrak beren lurraldetik bat-batean, eta nahi dudana ezarriko han gobernari. Izan ere, nor ni bezalakorik? Nork egingo niri erronka? Zein erregek emango niri aurpegi?
Entzun, bada, nik, Jaunak, Edomen aurka hartu dudan erabakia, Temango jendearen aurka mamitu dudan egitasmoa: haien haurrak ere arkumeak bezala eramango dituzte, lurraldea erabat hondatuko.
Arranoaren antzera oldartzen da etsaia, Botzraren gainera hegoak zabalduz. Egun hartan, indargabe geldituko dira Edomgo gudariak, emakumea erdiminetan bezala».
Damaskorentzat mezua: «Hamat eta Arpad hiriak nahasturik daude, albiste ikaragarria jaso baitute. Itsaso gaiztoa bezala, asaldaturik, egonezinik daude.
Babiloniako errege Nabukodonosorrek garaitu zituen Kedar leinuarentzat eta Hatzor hiriaren menpeko erreinuentzat Jaunaren mezua: «Jaiki, eraso Kedarri! Hondatu ekialdeko leinuak!
Haien etxolak eta artaldeak hartzen dituzte, haien oihal-etxola eta duten guztia; gameluak eramaten dizkiete. Kanpalekuak oihuka inguratzen dituzte, izu-ikara inguru guztian sortuz.
Hatzorko bizilagunok, egizue ihes arin, ezkutatu koba-zuloetan! Hala diot nik, Jaunak. Babiloniako errege Nabukodonosorrek zuen aurkako erabakia hartua du, egitasmoa mamitua.
Harrapakin gisa hartzen dizkiete gamelu eta artaldeak. Lau haizeetara sakabanatuko ditut beduino horiek, alde guztietatik erakarriko diet hondamena. Hala diot nik, Jaunak.
Ortziko lau ertzetatik haizea sortu eta Elamen aurka joaraziko diot: lau haizeetara sakabanatuko ditut hango bizilagunak. Ez da munduan naziorik izango ihesi joandako elamdarren bat hartuko ez duenik.
Bizia kendu nahi dieten etsaien aurrean izu-ikaraz beteko ditut elamdarrak. Zoritxarra ekarriko diet, neure haserre-sumina ikusaraziko. Gerra bidaliko dut haien aurka, guztiak garbitu arte. Hala diot nik, Jaunak.