Zoazte Jerusalemgo kaleetan barrena, begira ongi eta ikertu, bilatu hango plazetan, ea aurkitzen duzuen bakar bat justizia dagienik, leialtasunez jokatzen duenik; hala balitz, barkatuko lioke Jaunak hiriari.
Zuk, Jauna, jende leiala nahi duzu. Jo zenituen, baina ez zuten damurik izan; ia akabatu, baina ez ziren zentzatu. Harkaitza bezain gogor aurpegia, ez zuten onbideratu nahi izan.
Jo dezadan handikiengana, beraiei hitz egiteko; haiek bai ezagutuko dutela Jaunaren bidea, beren Jainkoaren agindua. Baina era berean hautsi dute denek Jaunaren uztarria, eten harekiko lokarriak.
Horregatik, basoko lehoiek zaurituko dituzte, basamortuko otsoek txikituko; lehoinabarrak zelatan daude haien hiri inguruan, handik irteten diren guztiak sarraskitzeko. Izan ere, asko baitira haien errebeldiak, izugarri larriak haien desleialkeriak.
Jaunak dio: «Horiek horrela, nola barkatu zuri? Zure seme-alabek zapuztu egin naute, sasijainkoen izenean egiten dute zin; nik ase nituen eta haiek adulterio egin dute, emagalduen etxera zalapartan joanez.
Horregatik, hau esan dit Jaunak, Jainko ahalguztidunak: «Hara zer gertatuko zaien era horretan hitz egiteagatik: su bihurtuko dut neure hitza zure ezpainetan, eta su-egurra bezala irentsiko du herri hau».
Jaunak dio: «Israel, herri bat ekarriko dut urrutitik zure aurka, herri iraunkorra, antzinakoa, hizkera ezezaguneko herria, esaten duena ulertuko ere ez diozuna.
Zeure uzta eta ogia jango dizkizu, seme-alabak sarraskituko, ardi eta abereak irentsiko, mahasti eta pikondoak suntsituko. Bere armez erraustuko dizkizu konfiantza ematen zizuten hiri gotortuak.
Galdetzen badute: “Zergatik egin digu Jaunak, geure Jainkoak, hau dena?”, zuk erantzun: “Jauna zapuztu eta zeuen lurraldean jainko arrotzak zerbitzatu dituzuelako, arrotzen zerbitzari beharko duzue izan zeuena ez den lurraldean”. Hala diot nik, Jaunak.
Honela diot nik, Jaunak: Ez didazue begirunerik izango? Ez zarete nire aurrean ikaratuko? Neuk jarri diot hondartza itsasoari mugatzat, inoiz gaindituko ez duen mugatzat; harrotzen da eta orro egiten, baina ezin du muga hautsi, ez gainditu.
Ez duzue zeuen baitan esaten: “Errespeta dezagun Jauna, geure Jainkoa! Berak bidaltzen dizkigu garaian garaiko euriak, berak zaintzen uzta biltzeko sasoiak”.
Eta nik, Jaunak, zigorrik gabe utzi behar ote horrelako gaiztakeriak? Ez ote bere merezia eman behar horrela jokatzen duen jendeari? Hala diot nik, Jaunak.