Babiloniar herriak hoben larria egin du Israelgo Santuaren aurka; izan ere, Israel eta Juda ez dira, alargun gisa, beren Jainko Jaun ahalguztiduna gabe gelditu.
Bat-batean, ordea, erori eta txiki-txiki egin da Babilonia. «“Egin intziri berarengatik, lagunok! Bila sendagaiak haren zaurientzat, ea sendatzen den”.
Honela diozue: “Saiatu gara Babilonia sendatzen, baina alferrik. Utz dezagun, beraz, eta alde egin nork bere lurraldera. Haren gaitzespena zerurainokoa da, hodeiak ditu ukitzen”.
Zorroztu geziak, hartu babeskiak! Mediarren erregeak zirikatu ditu Jaunak, Babilonia hondatzeko asmoa burutzeko. Jaunaren mendekua da, tenplua hondatu zutenen kontrako mendekua.
Egin erasorako seinalea Babiloniako harresien aurka; sendotu guardia-postuak, ugaritu zaintzaileak, jarri gudariak zelatan. Izan ere, Jaunak badu asmo bat, Babiloniako bizilagunen aurka iragarria, eta burutu egingo du orain.
Jaun ahalguztidunak zin dagi bere buruarengatik: «Matxinsaltoak bezain ugari erakarriko dut jendea zure aurka, garaipen-kanta abestuko dute zure gain».
«Baina orain zeuen begiz ikusiko duzue: ordaina emango diet Babiloniari eta babiloniar guztiei, Sioni egin dioten kalte guztiaren ordaina. Hala diot nik, Jaunak.
Hona hemen ni zure aurka! Mendia bezain handi bihurtu zara, mendi hondatzaile, lur osoaren hondatzaile! Eskua zure aurka luzatuko dut, harkaitzetatik amilduko zaitut eta errauts-mendi bihurtuko.
«Egin erasorako seinalea, jo nazioetan gudurako adar-hotsa! Deitu gerra santura nazioak, hots egin Babiloniaren kontra Ararat, Mini eta Axkenaz erreinuei! Izendatu gudalburua beraren kontra, eraso bezate zaldiek, matxinsalto amorratuen antzera.
Babiloniako gudaririk bulartsuenek uko egin diote borrokari, beren gotorlekuetan babestuz. Kemena galdurik, emajende dirudite. Hiriko ateak bota dituzte, etxeak sutan daude.
«Nola larraina gari-jotzean, hala geratuko da Babilonia hiri ederra: denbora gutxi barru bere egiteen uzta jasoko du. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak».
[34-35] Honela mintzo da Siongo jendea, honela dio Jerusalemgo herriak: «Nabukodonosorrek, Babiloniako erregeak, nire aberastasunak jan, dena zurrupatu eta hustutako platera bezala utzi nau. Herensugeak bezala irentsi, nire gauzarik preziatuenez sabela bete eta bota egin nau. Jauna, jo beza Babilonia berak niri eginiko bortxakeriak, jaus bedi babiloniarren gain isuri duten nire odola!»
Bero-bero daudenean, edaria prestatuko diet, burua galtzeraino mozkortuko ditut: betiko loak hartuko ditu, ez dira gehiago esnatuko. Hala diot nik, Jaunak.
Jaunak iragarri du: «Zigortu egingo dut Babiloniako Bel jainkoa, ahotik aterako diot irentsi duena. Nazioek ez dute aurrerantzean harengana joko; Babiloniako harresia bera ere erori egingo da.
«Ez bekizue kikildu bihotza, ez izan beldur lurraldean zabaltzen ari diren zurrumurruak direla eta; urtez urte zurrumurru ezberdinak dira: “Indarkeria alde guztietan”, “Diktadorea diktadorearen ondoren… ”.
Zeru-lurrak eta horietan dagoen guztia garaipen-oihuka ariko da Babiloniaren aurka, suntsitzaileak iparraldetik etorriko direnean. Hala diot nik, Jaunak.
Honela diozue: «Lotsaturik gaude, horrenbesteko irainaren berri jakitean; lotsaz gorri dugu aurpegia, atzerritarrak Jaunaren santutegian sartu direlako».
Babilonia zeruraino igoko balitz ere, bere gotorlekua goi hartan sendotuko balu ere, bertaraino helduko lirateke bidaliko dizkiodan suntsitzaileak. Nik, Jaunak, esana».
Bai, badator suntsitzailea Babiloniaren aurka: preso hartzen dituzte gudariak, guda-indarrak porrokatzen. Gaiztakeria zigortzen duen Jainkoa da Jauna, nori bere merezia ematen diona.
Hau dio Erregeak, izena «Jaun ahalguztidun» duenak: «Mozkortu egingo ditut hango agintari eta jakintsuak, gobernari, buruzagi eta gudariak; betiko loak hartuko ditu, ez dira gehiago esnatuko.
Babiloniako harresi lodiak zeharo eroriko dira, ate garaiak suak kiskaliko ditu. Alferrik ahalegintzen dira herriak, suak desegingo baititu haien lanak. Nik, Jaun ahalguztidunak, esana».
Mandatu bat eman zion Jeremias profetak Neriasen seme eta Mahseiasen biloba Seraiasi, Judako errege Sedekiasen laguntzaileari, erregearekin batera Babiloniara joan zenean. Sedekiasen erregealdiko laugarren urtea zen.
Jeremiasek idatziak zituen liburu batean Babiloniaren gain etortzekoa zen hondamendiaren xehetasun guztiak, Babiloniaren kontra hemen idatzitako mehatxuak, alegia.