Jaunak dio: «Aldi hartan, beren hilobietatik aterako dituzte Judako erregeen hezurrak, buruzagi, apaiz, profeta eta Jerusalemen bizi diren guztien hezurrak,
eta eguzkitan, ilargitan eta izar guztien argitan zabalduko dituzte —beraiek maitatu, zerbitzatu, jarraitu, kontsultatu eta gurtu dituzten astroen argitan—. Ez ditu inork bilduko lur emateko. Simaurra bezala geldituko dira lurrazalean.
Gaizto horien artetik bizirik geldituko direnek nahiago izango dute heriotza bizia baino, nik sakabanatuko ditudan edonon. Hala diot nik, Jaun ahalguztidunak.
Adi-adi entzun diet, baina ez dira hitzeko jendea, ez da inor bere gaiztakeriaz damutzen, bere hutsegiteak aitortuz. Denak beren bidean zuzen aurrera, ziztu bizian borrokara oldartzen den zaldia bezala.
Zikoinak ere antzematen dio zeruari, lekuz noiz aldatu jakiteko; usapalak, enarak eta kurriloak badakite noiz itzuli. Nire herriak, ordea, ez du nik, Jaunak, agindua ezagutzen.
Beraz, horien emazteak arrotzei emango dizkiet, horien soro-landak menderatzaileei. Denak, txiki eta handi, irabazi-gose dira; apaizak eta profetak faltsukeriari emanak.
Lotsatu egin behar lukete beren egintza higuingarriengatik; baina ez dira batere lotsatzen, ez dakite lotsa denik ere. Horregatik, erori egingo dira, besteak bezalaxe, lur joko dute nire zigorraldian. Nik, Jaunak, esana».
Jaunak dio: «Suntsitu egingo ditut, suntsitu: mahatsik ez mahastian, pikurik ez pikondoan, orri zimela besterik ez da geldituko. Azpian hartuko dituztenak bidaliko dizkiet ».
Eta jendeak, berriz: «Zer egiten dugu hemen geldi? Bil gaitezen, goazen gotorlekuetara, bertan hiltzera, Jaunak, gure Jainkoak, heriotzara ematen baikaitu; ur pozoitua eskaintzen digu, beraren aurka bekatu egin dugulako.
Badator etsaia! Dan-dik entzuten da zaldien arnas hotsa! Haien irrintzira lur osoa dardaratzen da. Gure lurraldea eta bertako ondasunak, hiriak eta hiritarrak, dena hondatzera dator».
Lurralde guztian entzuten ditut nire herriaren aieneak: «Ez al dago Sionen Jauna? Ez al dago bertan beraren erregea?» Eta Jaunak erantzun: «Eta zuek, zergatik iraindu nauzue zeuen idoloekin, zentzugabekeria arrotz horiekin?»