Esan zion Jaunak lihoz jantzitako gizonari: «Sartu kerubinen azpiko gurpil artera; hartu handik eskuak bete txingar gori eta barreiatu hirian». Eta gizona sartu egin zen neure begi-bistan.
Kerubin batek eskua luzatu zuen kerubinen artean zegoen sutarantz, hartu eta lihoz jantzitako gizonaren eskuetan ipini zuen. Honek hartu eta alde egin zuen.
Kerubinek aurrera egitean, gurpilek ere aurrera egiten zuten haien ondoan, eta ez ziren haien ondotik aldentzen, kerubinek lurretik altxatzeko hegoak zabaltzen zituztenean;
Orduan, kerubinak hegoak zabaldu, lurretik altxatu eta, neure begi aurrean, gurpilekin batera irten ziren. Jaunaren aintza tenpluaren ekialdeko ate-sarreran gelditu zen; Israelgo Jainkoaren aintza kerubinen gainean nabari-nabari zegoen.