Jaunaren espirituak gora jaso ninduen eta tenpluaren ekialdeko aterantz eraman; sarreran hogeita bost gizon zeuden, eta haien artean herriko buruzagi ziren Jaazanias, Azurren semea, eta Pelatias, Benaiasen semea, ikusi nituen.
Espirituak hartu ninduen eta Jaunaren mezu hau adierazteko agindu zidan: «Badakit zer ari zareten esaten, israeldarrok; badakit zer darabilzuen gogoan.
Orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, eta ez duzuela nire legeen arabera jokatu, ezta nire erabakiak bete ere, baizik eta inguruko nazioen ohiturei jarraitu diezuela».
Ni mezu hau aldarrikatzen ari nintzen bitartean, Pelatias, Benaiasen semea, hil egin zen. Ahuspez erori eta deiadar egin nuen ozenki: «Ai Jainko Jauna! Gelditzen diren israeldarrak suntsitu behar dituzu!»
«Gizaseme, hara zer dioen Jerusalemgo jendeak zure senide eta herritarrez, Israel herri osoaz: “Daudela Jaunarengandik urruti! Guri eman zaigu lurralde honen jabetza”.
Adierazi, beraz, Jerusalemgo jendeari, nik, Jainko Jaunak, diodan hau: Egia da neuk urrutiratu nituela nazio artera eta herrialdeetan sakabanatu, baina bizi diren herrialdeetan ere beren artean naukate, santutegian bezalaxe.
Erbesteratuei, berriz, adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Herrien artetik bilduko zaituztet, sakabanatuak egon zareteneko herrialdeetatik batuko, eta Israel lurraldea emango dizuet.
Espirituak gora jaso eta Babiloniara eraman ninduen, erbesteratuengana; hau ikuskaria izan zen, Jainkoaren espirituaren eraginpean izana; gero, desagertu egin zen ikuskaria.