Zelaietako belarra bezain mardul hazarazi zintudan; hazi, handia egin eta sasoira iritsi zinen: bularrak hazi zitzaizkizun eta biloxka atera; baina jantzirik gabe zeunden, larrugorrian.
Zure ondotik berriro pasatu eta amodio-garaian zeundela ikusi nuen. Zure gorputz biluzia estali eta zutaz arduratu nintzen; ezkontza-hitzarmena egin nuen zurekin eta nirea izan zinen. Honela diot nik, Jainko Jaunak.
Urre eta zilarrezkoak ziren zure bitxiak, liho fin eta zetazkoak zure jantzi bordatuak. Irin garbiz, eztiz eta olioz elikatzen zinen. Ezin ederrago bihurtu zinen, erregina baten pareko.
Orduan, eskua luzatu nuen zu zigortzeko. Zure bizigaiak murriztu eta zeure etsai filistear hirien esku utzi zintudan, haiek ere lotsatu egiten zirelarik zure jokaera iraingarriaz.
Emagaldu orori ematen zaio saria; zuk, ordea, zeuk eman zenizkien opariak zeure maitaleei; zeuk eskaini zenien dirua zuregana etor zitezen, zurekin lizunkeriak egitera.
Zuk, zeure prostituzioan, beste emakumeek ez bezala jokatu zenuen; ez ziren maitaleak zure bila ibiltzen; hartu ordez, zeuk ematen zenien dirua, ohi denaren kontrakoa eginez.
Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeure xarmak guztiei banatu eta zeure maitale eta idolo higuingarri horiekin guztiekin prostituzioan jarduteko zeure gorputza biluztu duzulako, eta zeure seme-alabak ere horien ohorez hil dituzulako,
zuregandik atsegina hartu duten maitale guztiak elkartuko ditut, zuk maitaturiko guztiak eta gorrotaturikoak ere bai; alde guztietatik bilduko ditut zure kontra, eta beraien aurrean biluzik agerraraziko zaitut, goitik behera ikus zaitzaten.
Zeure maitaleen esku utziko zaitut; zure prostituzio-lekuak suntsitu eta eraitsiko dituzte; soinekoak erantzi, bitxi zoragarriak kendu eta jantzirik gabe utziko zaituzte, larrugorrian.
eta zure etxeak erreko. Zure aurkako epaia beteko dute, emakume askoren aurrean; nik amaiaraziko ditut zure prostituzioak, eta ez duzu gehiago saririk emango.
Neure sumin guztia hustuko dut zure gain; gero, zure desleialkeriak niregan sortutako jeloskortasuna aldendu egingo da zuregandik, baretu egingo naiz eta ez naiz gehiago haserretuko.
Haurtzaroko egunak gogoan izan ez dituzulako eta gauza horiekin guztiekin zirikatu nauzulako, nik ere zigortu egingo zaitut zeure jokabideagatik. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Zeren eta iraindu egin bainauzu higuingarritasun hauekin guztiekin.
Senarra eta haurrak zapuztu zituen amaren alaba zara zu, eta senarrak eta haurrak zapuztu zituzten ahizpen ahizpa. Zuen ama hitita zen eta aita amortarra.
Zuk ez duzu aski izan haien bideetatik ibiltzearekin beraien higuingarritasunak eginez, baizik eta, horri gutxi iritziz, haiek baino ere jokabide txarragoa izan duzu.
Hona zein izan zen zure ahizpa Sodomaren errua: harrokeria, sabelkeria eta erosotasun axolagabea izan zituzten berak eta beraren menpeko hiriek; ez zioten lagundu dohakabeari eta behartsuari.
Samariak, berriz, ez zuen zure bekatuen erdirik ere egin; hark baino askoz jokabide higuingarriagoa izan duzu. Horregatik, zure aldean zuzenak ematen dute ahizpek.
Beraz, hartu desohorea zeure gain, ahizpek baino bekatu higuingarriagoak eginez leku onean utzi baitituzu haiek; zuzenak dirudite zure aldean. Beraz, lotsa zaitez eta hartu desohorea zeure gain, errugabeak bailiran utzi baitituzu ahizpak.
Lehengo egoerara itzuliko dira zure ahizpa Sodoma eta beraren hiriak, Samaria eta beraren hiriak (zu eta zure hiriak ere lehengo egoerara itzuliko zarete).
zure gaiztakeria agerian gelditu aurretik? Orain, edomdarren eta berauen auzoko filistearren hirien iseka-gai zara, alde guztietatik mespretxatzen zaituztelarik.
Zu zeure jokabideaz oroituko zara eta lotsatu egingo, zeure ahizpak, zaharrenak eta gazteenak, har ditzazunean; nik emango dizkizut alabatzat, baina ez zurekin dudan itunak horretara behartzen nauelako.