Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure biztanleek hilketak egiten dituzte, horrela zure ordua hurbilaraziz; idoloak egiten dituzte, horrela zu kutsatuz.
Hilketa horiengatik, errudun bihurtu zara; eginiko idoloengatik, kutsatu egin zara; horrela, suntsipen-eguna hurbilarazi duzu eta zeure bizitzaren amaierara iritsi. Horregatik, nazio arrotzen iseka-gai egiten zaitut eta herrialde guztien barregarri.
Zure baitan badira odola isurtzera bultzatzen duten iraintzaileak, sasikultu-lekuetako otorduetan parte hartzen dutenak, gauza gaitzesgarriak egiten dituztenak.
Batek adulterio egiten du lagun hurkoaren emaztearekin, beste batek harreman gaitzesgarriak ditu errainarekin, eta beste batek bere arrebaordea, aitaren alaba, bortxatzen du.
Zure baitan bada bere burua diruz saltzen duenik, lukurreriaz interesak kobratzen dituenik, lagun hurkoa zapalduz aberasten denik. Eta nitaz ahazturik bizi zara! Honela diot nik, Jainko Jaunak.
«Gizaseme, Israel herria hondakin bilakatu zait, zilarra, brontzea, eztainua, burdina edo beruna labearen erdira bota eta azkenean gelditzen den hondakina bezala.
Zilarra, brontzea, burdina, beruna edo eztainua labearen erdian metatu eta dena urtzeko sua suspertzen den bezala, hala metatuko zaituztet neure haserre-suminean, labean jarri eta urtzeko.
Zilarra labearen erdian urtzen den bezala, hala urtuko zaituztet Jerusalemen erdian; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen kontra bere sumina isurtzen duena».
Bertako buruzagiak harrapakina sarraskitzen duen lehoi orrolaria bezalakoak dira: jendea irensten dute, altxorrak eta ondasunak lapurtzen, alargunak ugaltzen hirian.
Apaizek nire legea hausten dute eta nire gauza santuak profanatzen; ez dute bereizten sakratua eta profanoa, ez dute ezagutarazten garbiaren eta kutsatuaren arteko aldea; ez zaie axola nire larunbata; horrela, profanatu egiten naute.
Profetek, berriz, kareorez estaltzen dituzte hoben hauek guztiak; ikuskari hutsalak dituzte eta iragarpen faltsuak; “Jainko Jaunaren mezua” esaten dute, nik, Jaunak, hitzik egin ez dudanean.
Herriko jendeak bortizkeriak eta lapurretak egiten ditu; dohakabea eta behartsua ustiatzen dituzte, eta bere eskubidearen kontra gogor erabiltzen dute etorkina.
Herrialdea suntsi ez dezadan, babes-harresia eraiki eta beraren alde nire aurrean bitarteko izan zitekeen norbait bilatzen saiatu naiz haien artean, baina ez dut aurkitu.