Izan ere, hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai hiri odolzalea, herdoildutako tupina, herdoila galtzen ez duena! Hustu ezazu zatirik zati, bakar bat ere utzi gabe.
Jerusalem! Kutsaturik zaude zeure likiskeriaz; garbitu nahi izan zaitut, baina ez didazu zikinkeria garbitzen utzi. Ez zara, bada, garbi geldituko nire sumina zure gain zeharo hustu arte.
Nik, Jaunak, hitz egin dut eta bete egingo dut, atzera egin gabe; ez naiz errukituko, ez damutuko. Zure jokabidearen eta egintza txarren arabera epaituko zaitut. Nik, Jainko Jaunak, esana».
Hitz egiozu Israel herriari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuen babesleku eta harrogarri, begien pozgarri eta bihotzen xarma den neure santutegia profanatuko dut. Jerusalemen utzi zenituzten seme-alabak gerran hilko dira.
Buruzapiekin eta sandaliekin jarraituko duzue, ez duzue dolu egingo, ezta negarrik ere, baizik eta zeuen erruengatik galduko zarete eta elkarren artean jardungo negar-zotinka.
Iheslaria iristeaz bat, zure ahoa zabalduko da eta hitz egingo duzu, ez duzu mutu jarraituko. Beraientzat seinale izango zara eta jakingo dute ni naizela Jauna».