«Gizaseme, adierazi Tiroko erregeari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Harropuzturik, esan duzu: “Jainko naiz eta jainko-tronuan nago eseria, itsas erdian”; baina zu gizaki huts zara, eta ez jainko, nahiz eta Jainkoaren pareko zarela uste izan.
«Gizaseme, kanta eresia Tiroko erregeari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Bikaintasunaren eredu zinen, jakinduriaz eta edertasun paregabez jantzia;
paradisuan bizi zinen, Jainkoaren baratzean, mota guztietako harribitxiz apaindua, kornalina, topazio eta beriloz, krisolito, onize eta jaspez, zafiro, errubi eta esmeraldaz apaindua; urrez landuak ziren zure bitxi eta apaingailuak, sortu zintuzten egun berean prestatuak.
Zeure merkataritza oparoagatik, indarkeriaz bete eta bekatu egin zenuen. Horregatik, zeure postutik kendu eta bota egin zintudan menditik, eta kerubin babesle zinen hori ikatz gorien artetik kendu.
Erru asko eta bidegabeko merkataritzaz profanatu duzu zeure santutegia. Zeure baitatik sua sorrarazi dut eta irentsi egin zaitu; errauts bihurtu zaitut, guztien begi aurrean.
Adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zure aurka nator, Sidon, zure kontura jantziko naiz ospez. Zure aurka epaia bete eta neure santutasuna agertzean, denek jakingo dute ni naizela Jauna.
Izurritea bidaliko dizut, odola isuriko da zure kaleetan; hildakoak hiri erdian eroriko dira alde guztietatik egingo dizuten erasopean. Orduan, denek jakingo dute ni naizela Jauna.
Hau diot nik, Jainko Jaunak: Barreiaturik egon deneko herrien artetik Israel bilduko dudanean, neure santutasuna agertuko dut nazioen aurrean, eta israeldarrak neure zerbitzari Jakobi eman nion lurraldean biziko dira berriro.
Seguru biziko dira bertan, etxeak eraiki eta mahastiak landatuko dituzte. Israel mespretxatzen duten auzokoen kontra epaia beteko dudanean, seguru biziko dira; orduan jakingo dute ni naizela Jauna».