Gerra etorriko da Egiptora, eta izu-ikara izango Etiopian, Egipton hildakoak erortzean; hango aberastasunak lapurtu eta oinarrietaraino suntsituko dute.
Hau diot nik, Jaunak: Gerran eroriko dira Egiptoren laguntzaileak Migdoletik Asuaneraino, eta Egiptoren indar harroa lur jota geldituko. Nik, Jainko Jaunak, esana.
Egun hartan, mezulariak bidaliko ditut itsasontziz, lasai dagoen Etiopia izutzeko, eta beldurrez dardara egingo du, Egipto zigortuko dudan egunean. Hurbil da egun hori!
Lehortu egingo dut Nilo ibaia, jende maltzurrari salduko diot herrialdea: hondatu egingo dut herrialdea eta bertako guztia arrotzen bidez. Nik, Jaunak, esana.
«Hau diot nik, Jainko Jaunak: Idoloak desegingo ditut, Menfiseko sasijainkoak amaiaraziko; ez da Egipton gobernaririk geldituko, beldurra zabalduko dut bertan.
Tafnes hirian eguna ilundu egingo da, nik Egiptoren agintea apurtu eta beraren indar harroa amaiaraziko dudanean; hodei batek estaliko du hiria, eta bizilagunak gatibu eramango dituzte.
Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Egiptoko errege faraoiaren kontra nator. Bi besoak hautsiko dizkiot, ongi duena eta jadanik hautsia duena, eta ezpata eroraraziko diot eskutik.
Babiloniako erregearen besoak indartuko ditut eta neure ezpata jarriko diot eskuan; faraoiari, berriz, besoak hautsiko dizkiot, eta hilzorian intziri egingo du haren aurrean.
Babiloniako erregearen besoak indartuko ditut, faraoiarenak ahulduta eroriko diren bitartean. Nire ezpata Babiloniako erregearen eskuan jarri eta hark Egiptoren kontra astinduko duenean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.