Pertsiako errege Ziroren hirugarren urtean, mezu bat bidali zion Jainkoak Danieli, Beltxatzar ere deituari; mezu fidagarria zen, baina zailtasun handiak iragartzen zituena. Ikuskari batean ulertu zuen Danielek horren esanahia.
«Haren gorputzak harribitxia zirudien, aurpegiak tximistaren distira zuen; begiak suzko zuziak bezalakoak zituen, beso eta zangoak brontze leundua bezain distiratsuak. Haren ahotsak jendetza handi baten zarata-hotsa zirudien.
Honela esan zidan: “Daniel, bereziki maite zaitu Jainkoak! Adi ongi esango dizudana. Zuti zaitez, zuregana bidali bainaute!” Hitzok esan zizkidanean zutik jarri nintzen, ikaraz dar-dar.
Honela jarraitu zuen: “Ez beldurtu, Daniel! Gertatzen zena ulertu eta Jainkoaren aurrean apaltzeko gogoa izan zenuen egun beretik entzun du hark zure otoitza. Horregatik etorri natzaizu.
Baina Pertsia erreinuko aingeru zaindaria aurka jarri zait hogeita bat egunez, Mikael, aingeru nagusietako bat, laguntzera etorri zaidan arte. Horregatik, han egon beharra izan dut, Pertsiako erregeen ondoan.
Baina gizon antzeko batek ezpainak ukitu zizkidan, eta berriro ere ahoa ireki eta hitz egin ahal izan nuen. Aurrean neukanari esan nion: “Nire jauna, zeharo larriturik nago ikuskari honengatik eta indarrik gabe gelditu naiz.
Eta esan zidan: “Ez beldurtu, Jainkoak bereziki maite zaitu! Egon lasai! Izan bihotz eta indarberritu!” Haren hitzak bizkortu egin ninduen. Orduan, honela esan nion: “Ene Jauna, mintza zaitez, indarberritu nauzu eta”.
[20-21] Hark esan zidan: “Ba al dakizu zergatik etorri naizen zuregana? Egiaren liburuan idatzia dagoena iragartzera etorri natzaizu. Orain, berriro Pertsiako aingeru zaindariarekin borrokatu behar dut; harekiko borroka bukatzean, Greziako aingeru zaindaria etorriko da. Mikaelek, zuen aingeru zaindariak, baizik ez dit laguntzen etsai horien aurkako borrokan.