Mahatsondo mardula zen Israel, fruituz betea. Zenbat eta fruitu gehiago, orduan eta aldare gehiago. Zenbat eta lurra aberatsago, orduan eta zutarri sakratuak dotoreago.
Samariako jendea dardaraz dago, dolu dagite herriak eta apaizeriak, Bet-Abengo zekorra dela-eta. Zeren beren pozbide eta ospe zuten idoloa urruti baitaramate.
Hondatuak izango dira muinoetako sasikultu-lekuak, Israeli huts egitera eragin ziotenak. Sasiak eta laharrak hartuko ditu aldareak. Orduan, honela esango diete mendiei: «Ezkuta gaitzazue», eta muinoei: «Eror zaitezte gure gainera».
«Ongi hezitako bigantxa zen Efraim, garia jotzen gogotsua. Haren lepo ederraren ondotik pasa nintzenean, uztarria lotu nion Efraimi, Judak goldean egin zezan, eta Jakobek arean.
Esan nien: Erein zuzentasuna, eta maitasuna jasoko duzue. Landu soro berria. Orain duzue garaia Jauna bilatzeko, etorri eta euria bezala salbamena isur diezazuen.
Baina zuek, gaiztakeria landu eta zuzengabekeria jaso zenuten, eta faltsukeri fruituak jan. Zeure indarrean jarri zenuen itxaropena, zeure gudari-kopuruan.
Horregatik, guda-hotsa aterako da zure herriaren aurka, eta zure gotorlekuak erraustuak izango dira, Xalman erregeak Bet-Arbel erraustu zuen bezala; gudu hartan, amak beren seme-alaben kontra zanpatu zituzten.
Horra zer egingo dizuedan zuei ere, Israelgo jende horri, zeuen neurrigabeko gaiztakeriagatik. Eguna argitu orduko, Israelgo erregearen azkena izango da.