Entzun Jaunaren hitza, israeldarrok, Jauna auzitan ari baita lurralde honetako jendearekin: «Ez da leialtasunik, ez maitasunik lurraldean, eta ez naute Jainkotzat aitortzen.
Nire herria hondatu egingo dut, aintzat hartzen ez nauelako. Zuk ez bainauzu aintzat hartu nahi izan, nik ere ez zaitut neuretzat apaiz hartuko. Zure Jainkoaren irakaspena ahaztu duzunez gero, nik ere ahaztu egingo ditut zure seme-alabak.
Jango dute, baina ez dira aseko; emagaldu sakratuekin elkartuko dira, baina ez dute haurrik izango; Jauna bazter utzi baitute, beste jainkoei jarraitzeko.
Egur-puska bati egiten diote kontsulta, zurezko idolo batek ematen dizkie erantzunak. Prostituzio-haizeak jo ditu, beste jainkoen atzetik joateko, ni, beren Jainkoa, bazter utzirik.
Mendi-gailurretan sakrifizioak eskaintzen dituzte, muinoetan intsentsua erretzen, arte, urki eta haritzen itzalpe ederrean. Horrela, zuen alabak emagaldu sakratu bihurtu dira, zuen errainak adulteriogile.
Hala ere, ez diet zuen alabei konturik eskatuko, emagaldu bihurtu direlako; ezta zuen errainei ere, adulteriogile bihurtu direlako. Apaizak berak baitoaz emagalduekin, tenpluko emagalduekin elkartzen baitira sakrifizioak eskaintzeko. Eta hala, zentzugabeko herria hondamendira doa.
Zu, Israel, nirekiko desleial bazara ere, Juda behintzat ez dadila errudun izan. Ez joan Gilgalgo santutegira, ez igo Bet-Aben-era, ez hartu Jainko bizia ahotan zin egiteko.